Gizartea -

Eliza katolikoa

Aita santuak Linburgoko gotzaina kargutik kendu du

Kazetariek eta Alemaniako elizbarruti horretako fededunek gotzainak luxua maite duela salatu dute behin eta berriz: haren bizileku berria eraikitzeko lanek 40 milioi euroko kostua izan dute.

Franz-Peter Tebartz-van Elst Linburgoko gotzaina. Argazkia: Efe.
Franz-Peter Tebartz-van Elst Linburgoko gotzaina. Argazkia: Efe.
'Luxuaren gotzaina', zigorturik

1:08

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frantzisko aita santuak Franz-Peter Tebartz-van Elst Linburgoko (Alemania) gotzaina (53 urte) kargutik kendu du behin-behinean, eta prelatuaren jarduna ikertuko dute, bizileku berria eraikitzeko lanetan 40 milioi euro gastatu dituelako kritikak ugari jaso eta gero. Hasiera batean, 5,5 milioi eurokoa zen aurrekontua.

Vatikanoko prentsa bulegoak gaur zabaldu duen ohar batek dioenez, aita santuak Linburgoko elizbarrutiaren inguruko "informazio zabala eta objektiboa jaso du, eta egungo egoeran Franz-Peter Tebartz-van Elst gotzainak ezin du apezpikutzak berekin dakartzan lanak bete".

"Apezpikutegia eraikitzeko lanen azterketa sakona" egiteko batzorde bat sortu dutela ere badio idatziak, eta, lan horrek ematen dituen fruituak jaso eta erantzukizunak norbaiten bizkar utzi arte, Wolfgang Rosch bikario nagusiak hartuko du elizbarrutia gidatzeko ardura.

"Vatikanoak egoki deritzo Franz-Peter Tebartz-van Elst behin-behinean elizbarrutia gidatzeko arduratik kanpo uzteari", esaldia erabili dute gotzaina kargugabetzeko.

Urriaren 21ean, Frantzisko aita santuak Linburgoko gotzaina hartu zuen, Vatikanoan. Hainbat egun zeramatzan alemaniarrak Erroman, aita santuari aurrez aurre azalpenak eman nahian bertara joan eta gero.

Iskanbila Alemaniako hedabideek azaleratu zuten: beste luxu batzuen artean, prelatuak 40 milioi euro gastatu zituen artzapezpiku-egoitza berria eraikitzeko lanetan, nahiz eta hasierako aurrekontua 5,5 milioikoa zen.

Zenbait egun lehenago, Robert Zollitsch Alemaniako Apezpiku Konferentziako presidente ohiak Alemaniako elizbarrutiaren egoeraren inguruko azalpenak eman zizkion Frantzisko aita santuari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea