Gizartea -

Donapeako proiektua

Donapeako proiektuaren hitzarmena hautsi du Nafarroako Unibertsitateak

"Adostasun eza" dela eta, Nafarroako Gobernuarekin sinatutako hitzarmena haustea erabaki du Nafarroako Unibertsitateak.

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Unibertsitateko errektoreak "adostasun eza" dela eta, Donapeako proiektuaren inguruko hitzarmenari uko egiten diola adierazi du. Akordioa 2011an hitzartu zuten unibertsitateak eta Nafarroako Gobernuak.

Alfonso Sanchez-Tabernerok prentsaurrekoan adierazi duenez, Yolanda Barcina Nafarroako presidenteak ezagutzen du jada erabakia.

"Adostasun eza dela eta, Nafarroako Unibertsitateak hitzarmena haustea erabaki du. Aukera hori 2001eko protokoloan jasota zegoen", adierazi du errektoreak. "Pauso honen bidez elkartasuna berreskuratzea espero dugu, hori baita hezkuntzaren eta ikerkutzaren alorretan edozein proiektu aurrera eraman ahal izateko behar den testuingurua", gaineratu du.

Nafarroako Unibertsitateak Donapeako proiektuan jasota zeuden ikerketa-zentroen etorkizunari buruzko gogoeta egingo duela azpimarratu du Sanchez-Tabernerok.

Errektoreak gaineratu duenez, Donapea aurrera eramateko bi baldintza bete behar ziren: "ahalik eta adostasun zabalenarekin jaiotzea eta parte hartuko zutenentzat positiboa izatea". "Azken hilabeteetan ordea, testuinguru politikoa aldatu egin da eta hasierako ulermena aldatu egin da".

Donapeako proiketuan aurreikusita zegoenez, Lanbide Heziketako kanpusa sortuko zen Etxabakoitzen eta Unibertsitateak hiru ikerketa-zentro eraikiko zituen. Proiektuak 200 milioi euro baino gehiagoko aurrekontua zuen eta 400 lanpostu sortzea aurreikusten zen.

Unibertsitatearen erabakia Nafarroako Parlamentuak proiektua gelditzea eskatzeko lege-proposamena eztabaidatu behar zuen bezperan heldu da. Lege proposamena Bildu, Aralar-NaBai, I-E eta Geroa Baiko parlamentarioek aurkeztu du eta PSNek hiru osoko zuzenketa egin ditu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea