Gizartea -
Afrikan atxikita
Sierra Leonan atxikitako kamioilariak ez dira kamiorik gabe itzuliko
Kamioietan dirutza jarrita dute, eta horrez gain, aurrezkiak eta hipotekak jokoan daude. Horregatik, kamioiak berreskuratu behar dituztela diote.
Erredakzioa
Urtarrilaz geroztik Sierra Leonan atxikita dauden Luis Maria Huerta kamioilari santurtziarrak eta beste bost garraiolari espainiarrek beren pasaporteak berreskuratu dituzte, eta herrialdetik ateratzeko baimena dute. Hala ere, ez dizkiete kamioiak itzuli, eta, beraz, bertan jarraituko dute lanean jarraitzeko ezinbestekoak dituzten tresnak bereganatu arte.
Hamar hilabete atxikita igaro ostean Sierra Leonatik atera daitezke orain, baina ez dute horretarako asmorik; izan ere, dirutza handia jarrita dute kamioietan, eta beren aurrezkiak eta hipotekak ere jokoan daude.
Hala baieztatu dio larunbat honetan kamioilari santurtziarrak ETBri: "Dena daukagun hemen, ni esaterako kamioiaren hipoteka ordaintzen ari naiz, eta ezin izango dut aurrera egin Espainiara itzultzen banaiz".
10 hilabete daramatzate harrapatuta
Sei kamioilariak Sierra Leonara joan ziren lan kontratu batekin. Afrikara iritsitakoan, ordea, arazoak hasi ziren: pasaporteak eta beren kamioiak kendu zizkieten, eta ez zuten soldatarik jaso. Hori gutxi balitz, herrialdeko beste enpresa batentzat lan egiten saiatu zirenean salatu egin zituzten.
Sierra Leonako Freetowneko aduanan "abandonatuta" sentitu zirela salatu dute kamioilariek.
Salaketa jarri dute, eta epaiketaren zain daude.