Gizartea -

Anberes, Belgika

Beste pertsona bat atxilotu dute Hodei Egiluzen desagertzea dela eta

45 urteko emakumezkoa da bigarren atxilotua, eta aurrekoan atxilotutako gazteak esan bezala, Egiluz gazte galdakaoztarren desagertzearekin loturarik izatea ukatu du.

Hodei Egiluzen desagertzea dela eta emakume bat atxilotu dute

0:36

I.G. | EITB.COM

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bigarren pertsona bat atxilotu du Anberes (Belgika) hiriko Poliziak, Hodei Egiluz gazte galdakaoztarraren desagertzearekin lotura izatea leporatuta.

45 urteko emakumezkoa da eta gaur, asteartea, atxilotu dute, Anbereseko fiskalak baieztatu duenez.

Izan ere, gaur, Belgikako Polizia Federalak Ertzaintzari eta desagertutako gaztearen familiari 25 urteko gizonezko bat atxilotu dutela konfirmatu die. Halere, ikerketak zabalik jarraitzen duela adierazi dute.

Dirudienez, Bizkaiko gaztea desagertu eta ordu gutxira haren txartelarekin kutxazain batetik dirua ateratzen saiatu zen 25 urteko atxilotua, Belga albiste agentziak emandako informazioaren arabera.

Anbereseko Fiskaltzako bozeramaileak Efe agentziari jakinarazi dionez, ''ikerketa aurrera doa, eta horretan da auziaren ardura duen epailea''. ''Polizia eta Justizia gaztea aurkitzeko lanean daudela ziurtatzen dizuet'', gaineratu du.

Desagertzea

Hodei Egiluz 23 urteko galdakoztarra hilaren 19an desagertu zen, Anberes hirian.

Ostiralean, lagunekin afaltzera joan zen, eta, goizaldeko ordu biak aldera, lagunak agurtu zituen eta etxerantz abiatu zen, baina ordutik ez dute haren berri izan. Lagunek ez dakite non dagoen.

Gurasoak Belgikan dira dagoeneko, hara lanera joan zen gaztea bilatzeko lanetan laguntzeko. Bertako hedabideek gazte bizkaitarraren desagerpenaren berri eman dute, eta haren argazkia zabaldu dute.

Gaztearen familiak salaketa jarri du Galdakaoko ertzain etxean, Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak jakitera eman duenez. "Ohiko" prozedura omen da hori, beste herrialde batean desagertzen diren euskal herritarren kasuan. Ikerketaren nondik norakoak jarraitzeko, Ertzaintza Europolekin harremanetan dagoela gaineratu du.

Belgikako Poliziak doako telefono bat (116 000) jarri du, Hodei Egiluzen desagerpenari buruzko informazioa jasotzeko. Eguneko 24 orduetan egongo da martxan.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea