Gizartea -
Ekimena
Bilbon 'espetxeratu' dira, Greenpeaceko 28 atxilotuen alde
Organizazio ekologistak kaiola bat jarri du Areatzan eta boluntarioak bertan sartzen dira Errusian, itsas-lapurrak izatea egotzita, atxilotuei zuzendutako elkartasun mezuak irakurtzeko.
Erredakzioa
Greenpeacek 'ziega' bat jarri du gaur, ostirala, Bilboko Areatzan eta bertan boluntarioak sartzen ari dira Errusian, itsas-lapurrak izatea egotzita, atxilotutako organizazioaren 28 kideri eta bi kazetariri zuzendutako elkartasun mezuak irakurtzeko.
Organizazioak gogorarazi duenez, hilabete baino gehiago igaro da ekintzaile talde bat eta bi kazetari Errusian atxilotu zituztenetik; hasiera batean itsas-lapurrak izatea leporatuta, eta orain bandalismoa ere egotzita, Gazprom enpresaren petrolio-plataforma batean "salaketa baketsu" bat egin eta gero.
Greenpeacek zabaldu duenez, Eurrsiako Justiziak ez dituzte 30 atxilotuen kontrako itsas-lapurreta delituak akusaziotik kendu, nahiz eta egingo zutela esan zuten.
Horren ordez, ekintzaileei bandalismo delituak ere leporatu dizkiete, guztira bi delitu egotzita; ondorioz 7-15 urteko zigorrak jaso litzakete, Greenpeacen arabera.
Atxilotuei elkartasuna helarazteko, Greenpeacek kaiola bat jarri du Bilboko Areatzan. Urriaren 26ean hasi zen ekimenarekin, zenbait hiritan.
Boluntarioek Internet bidez eman dute izena; kaiola barruan sartzen dira eta atxilotuei zuzendutako elkartasun mezuak irakurtzen dituzte.
Greenpeacek 22:00etara egoteko asmoa du Bilbon, eta bihar, larunbata, 'kaiolaren tourra' jarraitzeko asmoa dauka Donostian.