Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Gizon bat atxilotu dute Cuencan, ustez bere emaztea hiltzeagatik
Ustezko hiltzailea ospitalera eraman dute, bere buruaz veste egiten saiatu delakoan. Genero indarkeria kasu bato te den ikertzen ari dira, aurrez salaketarik egon ez den arren.
Erredakzioa
Guardia Zibilak gizon bat atxilotu du Villanueva de la Jaran, Cuencan, ustez bere emaztea hiltzeagatik. Halaxe adierazi dute Gobernuaren Ordezkaritzaren iturriek.
Atxiloketa 08:00 inguruan egin dute, eta hilketa hori genero indarkeria kasu bat ote den ikertzen ari dira, aurrez salaketarik ez baita egon.
Montilla del Palancarreko Polizia Judizialak eginbideak ireki ditu kasu hori aztertzeko.
Bestalde, 112 Larrialdi Zerbitzuen iturriek zehaztu dutenez, ustezko hiltzailea, 48 urteko gizona, Albaceteko Ospitale Orokorrera eraman dute, bere buruaz beste egiten saiatu delakoan.
05:33 inguruan jaso du abisua 112 zerbitzuak, eta gertakariaren lekura joan dira Guardia Zibila, Udaltzaingoa, larrialdietako mediku bat, larrialdietako anbulantzia bat, bizi-euskarri aurreratuko anbulantzia bat eta zainketa intentsiboetako unitate bat.
Bi dolu-egun
Villanueva de la Jarako Udalak bi dolu-egun ofizial dekretatu ditu emakumearen heriotzagatik. Gainera, gaurko jai ekitaldiak bertan behera utzi dituzte; izan ere, herriko monumentu garrantzitsuenetako bat den Massó ostatuan ate irekietako jardunaldiak egin behar zituzten.
Bestalde, emakumearen gorpua Cuencako beilatoki batera eraman dute, autopsia egiteko. Bihar ehortziko dute ziurrenik.