Gizartea -
Aldakako ebakuntza
Azaroaren 21ean egingo diote bigarren ebakuntza Espainiako erregeari
Azken ebakuntza egin ziotenetik zortzi aste igaro ostean sartuko da berriro Juan Carlos erregea ebakuntza-gelara. Hiru urtetan zortzi ebakuntza egin dizkiote.
Erredakzioa
Errege-etxeak jakitera eman duenez, azaroaren 21ean egingo diote Juan Carlos Espainiako erregeari bigarren ebakuntza, ezkerreko aldakan behin-betiko protesia jartzeko.
Irailaren 24an, infektatutako protesia kentzeaz arduratu zen Miguel Cabanela kirurgialariaren esku egongo da ebakuntza.
Azken ebakuntza arrakastatsua izan zen, sendagileen esanetan. Halere, infekzioari aurre egiteko, sei astez bena barnetik antibiotikoa eman behar ziotela iragarri zuen Cabanela doktoreak. Ondoren, bi aste eman behar zituen antibiotikorik gabe, prozesuaren bigarren fasea abiatu aurretik.
Hortaz, azken ebakuntza egin ziotenetik zortzi aste igaro ostean sartuko da berriro Juan Carlos erregea ebakuntza-gelara.
Hiru urtetan zortzi ebakuntza egin dizkiote Espainiako Erregeari.