Gizartea -
Ezbeharra
Bi pertsona hil eta hiru zauritu dira Laudion, zirkulazio istripuan
62 eta 61 urteko Amurrioko bi bizilagun dira hildakoak. 30 urteko hiru zauritutakoen artean bat oso larri dago.
Erredakzioa
Bi lagun hil eta hiru zauritu dira, bat oso larri, ostiral honetan Laudion izan den zirkulazio istripuan. Ezbeharra A-625 errepidean gertatu da, orain bi aste gizonezko bat hil zen toki berean.
Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, Volkswagen Passat batek eta Land Rover Freelander batek talka egin dute, eta, ondorioz 62 eta 61 urteko bi gizonezko hil dira. Amurrioko bizilagunak ziren biak.
Hildakoaz gainera, 30 urteko beste hiru lagun zihoazen Land Roverrean, tartean hildakoaren alaba. Oso larri eraman dute Gurutzetako ospitalera. Atzealdean zihoazen beste bi gazteak (Amurriko emakume bat eta Bilboko gizonezko bat) Gurutzetako eta Basurtoko ospitaleetara eraman dituzte.
Istripuak Aiara eskualdea hunkitu du, bereziki Amurrioko bizilagunak, hildako bi gizonezkoak eta zauritutako bi emakumezkoak bertako baitira.
11 hildako, 2008tik
Gardea auzotik datozen ibilgailuak A-625 errepidera sartzeko gunean gertatu da istripua, orain bi aste gizonezko bat hil zen toki berean. Laudio eta Urduña lotzen dituen A-625 errepideko 20 kilometro horietan 11 lagun hil dira 2008tik.