Gizartea -
AHTren kontrako protesta
Bi lagun atxilotu dituzte Iruñean, Nafarroako Jauregian kateatzeagatik
Motorreko kate bat erabilita, AHTren kontrako Mugitu! plataformako bi kide Nafarroako Jauregiaren fatxadan zeuden bi banderatara lotu dira.
Erredakzioa
Abiadura Handiko Trenaren (AHT) kontrako Mugitu! plataformako bi kide atxilotu dituzte Iruñean, Nafarroako Jauregiko fatxadako bi banderatara kateatzeagatik.
Antza denez, 13:45ean jazo da gertaera eta bi lagunak Nafarroako Jauregiko lehen solairuko balkoi nagusira igo, eta, motorreko kate bat erabilita, fatxadan zeuden bi banderatara lotu dira: Espainiako bandera eta Europar batasuneko bandera.
Gazteetako batek "Tartalariak aurrera!" izeneko kartela erakutsi du, Yolanda Barcina Nafarroako presidenteari hiru tarta botatzea egotzita, azaroaren 18an Auzitegi Nazionalean epaituko dituzten lau inputatuei babesa emateko.
Bien bitartean, kalean zeuden hainbat lagun AHTren kontrako mezuak oihukatzen hasi dira: "AHTko dirua osasungintzara" edo "AHTrik ez!".
Foruzainak kateak mozten ahalegindu dira, baina ezin zutela ikusita, balkoiko mastak kentzea erabaki dute. Ondoren, bi lagunak atxilotu dituzte.
Kalean tentsio uneak bizi izan dira AHTren kontrako protesta babesten ari zen jende multzoaren eta Espainiako bandera bat erakutsi duen emakume baten artean.