Gizartea -
Gertakaria
Indarkeria zantzuak zituen gizon baten gorpua aurkitu dute Tolosan
Ertzaintzak gizonezko bat atxilotu du hilotza agertu den etxebizitzan, ustezko hiltzailea delakoan.
Erredakzioa
Ertzaintzak indarkeria zantzuak zituen gizonezko baten gorpua aurkitu du gaur goizaldean Tolosako (Gipuzkoa) Rondilla auzoko etxebizitza batean, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Agenteek gizon bat atxilotu dute etxebizitza horretan bertan, ustezko hiltzailea delakoan, eta arratsaldean Donostiako psikiatriko batean sartu dute.
Segurtasun Sailaren arabera, Ertzaintzak Rondilla auzoko herritar baten deia jaso du goizaldeko hiruak aldera, etxebizitza batean borrokan ari zirela ohartarazteko.
Bertaratu denean, Ertzaintzak gizonezko baten gorpua aurkitu du, eta hilotzak indarkeria zantzuak zituen. Etxebizitza horretan bertan beste gizonezko bat zegoen, eta ustezko hiltzaile gisa eraman dute atxilotuta.
Polizia zientifikoa ikerketa abiatu du zer gertatu den argitzeko.
Bestalde, gorpua Donostiako auzitegiko institutu anatomikora eraman dute autopsia egiteko.