Gizartea -
Prestigen epaiketa
Nunca Maisen hitzetan, epai 'politikoa' da, 'PPk agindutakoa'
Greenpeace, WWF, Ekologistak Martxan, Oceana eta Lurraren Lagunak elkarteen bozeramaileen ustez, hondamendiaren benetako arduradunak ez dituzte epaitu.
Erredakzioa
Nunca Mais plataformak haserre hartu du Prestige ontziko hondamendiaren inguruko epaia, eta "bidegabea" eta "deitoragarria" dela esan du. Sententzia "politikoa" dela salatu du plataformak, "PPren interesak defendatzen dituelako", eta helegitea aurkezteko aukera aztertzen ari direla adierazi du.
Prestige petrolio-ontziaren hondoratzeak eragindako hondamendia ikertu duen Galiziako epaimahaiak absolbitu egin ditu hiru akusatuak. Hala ere, epaimahaiak 9 hilabeteko kartzela-zigorra ezarri dio Apostolos Mangouras kapitainari, desobedientzia delitu larria egotzita. Bestalde, epaiaren arabera, Administrazioak ez zuen erantzukizunik izan, eta hondamendia saihesten saiatu zela argudiatu du.
Elkarteak
Greenpeace, WWF, Ekologistak Martxan, Oceana eta Lurraren Lagunak elkarteetako bozeramaileen ustez, hondamendiaren benetako arduradunak ez dituzte epaitu. Erabakiak "beste Prestige bati ateak ireki dizkio", gaineratu dute.