Gizartea -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Hondakinen kudeaketa zehazteko eskatu dio Jaurlaritzak Gipuzkoari
Iñaki Errazkin Gipuzkoako Ingurumen eta Lurralde Antolaketa diputatuak azpimarratu du Zubietako errauste planta geratzeko akordioa aurreikusitako azpiegitura berriei heltzeko "aurrerapauso ona" dela.
Erredakzioa
Donostian Zubietako errauste planta egiteko proiektua bertan behera utzi ondoren hondakinak nola kudeatuko dituen "behingoz" argitzeko eskatu dio Jaurlaritzak Gipuzkoako Foru Aldundiari.
Bilduren Gobernuak hartutako erabakiaren aurrean "errespetua" agertu du Ana Oregi Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika sailburuak, baina "erantzukizunez" jokatzeko eta hondakinak nola kudeatuko dituen zehazteko eskatu dio.
"Kezkatuta gaude, Gipuzkoako hondakinak nola kudeatuko dituzten ez digutelako oraindik argitu", esan du Jaurlaritzaren ordezkariak Radio Euskadin eskaini duen elkarrizketan.
"Gipuzkoan plangintza zehatz bat onartuta geneukan. Orain, erraustegia bertan behera utzita, ez daukagu alternatibarik. Hori da arazoa, eta horrek kezkatu egiten nau", gaineratu du sailburuak.
Oregiren hitzetan, Euskadin "adostasun zabala" dago hondakinen kudeaketaren inguruan. "Hondakinak murriztea da lehenengo helburua eta, ondoren, birziklatzea eta berriz erabiltzea". Hala ere, hondakinak batzeko eta deusestatzeko sistemaren inguruan adostasunik ez dagoela onartu du.
Eredu "onak ala txarrak" ez daudela azpimarratu du, eta toki bakoitzean "egokienak" jartzearen alde agertu da.
Bestalde, Iñaki Errazkin Gipuzkoako Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuko diputatuak azpimarratu du Zubietako errauste planta geratzeko akordioa Foru Aldundiak aurreikusitako azpiegitura berriei heltzeko "aurrerapauso ona" dela.
Radio Euskadin azaldu duenez, errauste plantak 400 milioi euroko kostua izan behar zuen. "Gipuzkoako herritarrek aurreztu egingo dute", Bilduk aurreikusitako azpiegiturek "400 milioi horien erdia besterik ez dutelako eskatuko".
Errauste planta egin behar zuten enpresekin adostutako kalte-ordaina (8 milioi euro) kopuru "ona" dela iritzi dio Errazkinek, obra egiteko 24 milioi euro aurreikusita baitzeuden.