Gizartea -

Osasunaren Inkesta 2013

Depresio kasuak hazi dira, eta ohikoagoak dira langabeen artean

2007tik okerrera egin du euskal biztanleen osasun mentala, batez ere emakumeen artean. Gehiegizko loditasuna eta alkoholaren kontsumoak gora egiteak ere kezkatu ditu agintariak.

Jon Darpon Osasun sailburua aurreko agerraldi batean.
Jon Darpon
Hamar biztanletik zortzik osasun ona edo oso ona duela uste du

1:21

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azken bost urteotan hazi egin dira Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) biztanleen artean depresio eta antsietate kasuak, 2013ko EAEko Osasunaren inguruko Inkestaren arabera. Bi eritasun mental hauek ohikoagoak dira langabeen artean, lanik gabe dauden gizonen % 92k eta emakumeen % 59k beharrean daudenak baino osasun mental okerragoa dute.

Jon Darpon Osasun sailburuak aurkeztu du inkesta, bost urtean behin EAEko osasun egoeraren argazkia dena.

2007tik igo egin dira depresio eta antsietate kasuak eta, baliteke krisiarekin harremana izatea. Dena den, Darpon zuhur agertu da: "Inkestari erreparatuta ezin ditzakegu ondorioak atera, batzuetan harremana zuzena dutela uste dugun arren, lotura hori frogatzea ez da erraza", agertu du.

Obesitatea, herrialde garatuen epidemia

2002-2007 urteen artean izan zuen "gorakada kezkagarria"ren ondotik, gehiegizko loditasunaren edo obesitatearen kasuak egonkortu egin dira azken 5 urteetan: gizonen % 14k du arazo hori eta  emakumeen % 12k. Desberdintasun sozioekonomikoak bi sexuetan oso garrantzitsuak dira obesitatearen prebalentzian, eta handiagoak emakumeen artean.

Miren Dorronsoro Osasun Publiko eta Mendekotasunen zuzendariak adierazi duenez, "herrialde garatuen epidemia" bada ere, EAEn ez da horrenbesterako baina "prebalentzia handitzen doa". Hori horrela, Jaurlaritzak "hazkunde hori gelditzea" du asmo, batez ere gazteen artean. Izan ere, bere hitzetan, "arrisku faktore izatetik osasun arazo izatera"  pasatuko da aurki.

Tabako kontsumoak behera egin du, batez ere gizonen artean. Bien bitartean, gora egin du ohiko alkohol kontsumitzaileen kopuruak. Gizonen % 59 eta emakumeen % 30 ohiko edaleak ziren (bai 2002an bai 2007an), baina orain gizonen % 63 eta emakumeen % 38 dira. Nolanahi ere, emakumeen egoera gizonena baino nabarmen hobea da.

Arazook gorabehera, euren osasuna "ona edo oso ona" dela dioten biztanle kopuruak % 30 egin du azken hamarkadan; 2013an, gizonezkoen % 82k uste dute hori eta, emakumezkoen % 78k. Emakumeen iritzian, eurek gizonek baino osasun makalagoa dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Langabezia Espainian