Gizartea -
Immigrazioa EAEn
800 pertsona izango dira etorkinen eta euskaldunen arteko bazkarietan
SOS Arrazakeria Gipuzkoak gaurko bultzatutako 'Bizilagunak-Alboko familia' ekimenak Euskal Autonomia Erkidegoan aldi berean dauden baina bizikideak ez diren errealitateak gerturatu nahi ditu.
Erredakzioa
Etorkinekin bizikidetza lantzeko 'Bizilagunak-Alboko familia' ekimena antolatu zuen iaz SOS Arrazakeria Gipuzkoak, eta gaur Euskal Autonomia Erkidego osoko 18 udalerritan ospatuko da. Guztira, euskal nahiz etorkinen 150 familiatako 800 pertsonak parte hartuko dute.
Bazkaltzeko bat egingo dute euskal familia batek eta familia etorkin batek, bietako baten etxean. Ekimenaren helburua aldi berean dauden baina bizikideak ez diren errealitateak gerturatzea eta aurreiritziak albo batera uztea da, SOS Arrazakeriak adierazpen batean azaldu duenez.
Helburuak betetzeko hautatutako moduak "indar eta konplizitate handiko loturak eratzen ditu, etxean baitaude", azaldu du Anaitze Agirre SOS Arrazakeria elkarteko kideak.
"Ekimenak 'Bizilagunak-Alboko familia' du izena, baina argi utzi nahi dugu ez duela zertan ohiko familia bat izan, aita, ama eta seme-alabekin. Sexu bereko bikoteak izan daitezke, ama ezkongabeak, lagun taldeak..." zehaztu du Agirrek.
Topaketa horietan, bazkaria dinamizatuko duen pertsona bat izango da, bi familiak kontaktuan jarri, gonbidatuak antolatzaileen etxera eraman eta giro ona jartzeko.
Parte-hartzaileen artean daude, besteak beste, Jon Maia dantzaria, Garbiñe Biurrun epailea, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea, Kristian Pielhoff aurkezle eta gidaria eta Jabier Muguruza abeslaria.
Familiek euren etxeetan egingo dituzte bazkariak, baina azaroaren 23an, Donostiako Victoria Eugenia antzokian bilduko dira parte-hartzaile guztiak.
'Bizilagunak-Alboko familia' ekimena iaz ospatu zen lehen aldiz Gipuzkoan, Europako beste zortzi herrialdetan bezala, Txekiar Errepublikan, Portugalen edo Hungarian, esaterako.
Agirrek azaldu du iazko edizioa "izugarria" iruditu zitzaiela. "Familia askok bazkaria bi edo hiru orduz luzatu zuten", aipatu du, eta askok oraindik kontaktuan jarraitzen dutela jakin dute.
Hori dela eta, aurten Euskal Autonomia Erkidego osora zabaldu da egitasmoa, eta Getxon, Basaurin, Hernanin, Tolosan eta Eibarren ospatuko da, besteak beste.