Gizartea -
Epaiketa, Iruñean
Txupinazoan botila bat jaurti ei zuen gazteak ukatu egin du akusazioa
Madrilgo gazte bat larri zauritu zen, eta 47 egun eman behar izan zituen ospitalean, botilak kolpatu ondoren.
Erredakzioa
Duela hiru urteko sanferminetako txupinazoan ustez botila bat jaurti eta Madrilgo gazte bat larri zauritu zuen auzipetuak ukatu egin ditu akusazioak, epaiketaren lehen saioan.
Hain zuzen ere, auzipetuak ukatu egin du lurretik xanpain botila bat hartu eta jaurti izana. Udaletxeko plazara heldu zenean, agenteak dagoeneko alde egiten ari zirela eta berak ez zuela istiluetan parte hartu gaineratu du.
Guztira, hamahiru pertsona eseri dira gaur goizean akusatuen aulkian. Fiskalak 15 hilabeteko espetxe zigorra eskatu du horientzat, agintarien kontrako atentatua egin izana egotzita, eta urtebetekoa desordena publikoak direla eta. Akusatu nagusiarentzat, halaber, hiru urteko kartzela zigorra eskatu ditu, lesio delitu bat leporatuta.
Gurasoak, "etsita"
Zauritutako gazte madrildarraren gurasoek adierazi dute "etsipena" sentitzen dutela auzipetuen deklarazioa entzun ostean, eta "justizia egin dadila" eskatu dute.
Pedro Martin Arranz aitak kazetariei azaldu dienez, auzipetuak "abokatuak irakatsitakoa ondo ikasita" joan dira epaiketara.
Uztailaren 6 hartan zer gertatu zen galdetuta, aitak hau erantzun du: "Sanferminetara etorri zen mutiko batek botilakada jaso zuen, bizitza izorratu zioten bizitza osoa aurrean duen 30 urteko gazte bati". Hala, semeak "mediku eta ebakuntza artean, eta errehabilitazioan hiru urte" daramatzala eta "hila-hilean" egon zela azpimarratu du.
Auzipetuen deklarazioari dagokionez, "bik egia" esan dutela eta "gainerakoek abokatuak irakatsitakoa ondo ikasi eta dena ukatu" dutela uste du.
Soledad Rosa amak, bestalde, auzipetutako hiru gazteren ama barkamen eske joan zaizkiola esan du. "Ez zioten min hori egin nahi, eta orain ezin da konpondu. Amak gara eta ulertzen zaitugu", esan omen diote.
Rosak eskerrak eman dizkie, hitz horiek "ohorea" ematen dielako. "Hori entzun beharra nuen, zeren, nahiz eta ez didaten mina kendu, amak dira eta barruraino iritsi zait, amok asko sufritzen dugulako seme-alabengatik", gaineratu du.
Gertakaria
Fiskaltzaren hitzetan, istiluak 2010. urteko uztailaren 6an jazo ziren, 11:40an, Iruñeko Alde Zaharrean. Ordu horretan, hainbat pertsona etxebizitza batera joan ziren, ikurrin erraldoi bat hartu eta Udaletxeko plazan sartzeko asmoz. Dena dela, Udaltzaingoak galarazi egin zuen, eta gazteei ikurrina kentzen saiatu zen.
Une horretan, auzipetuak botilak jaurtitzen hasi ziren, Ministerio Publikoaren esanetan, "han zeuden pertsona guztiak arriskuan jarrita".
Orduan, gazteetako batek xanpain botila bat jaurti zuen, "kalea jendez lepo zegoela jakinda ere", eta botila horrek Madrilgo gazte bat jo zuen. Botilakadaren ondorioz, mutila larri zauritu zen, kolpea buruan hartu baitzuen, eta 47 egun eman behar izan zituen ospitalean. Egun, paralisia du beso batean.