Gizartea -

Belgika

Egiluzi eta familiari babesa emateko kontzentrazioa, bihar, Galdakaon

Orain arte bost lagun atxilotu dituzte kasuarekin lotuta, gazteari lapurtutako sakelako telefonoa eta kreditu txartela zituztelako.

Hilabete, Hodei Egiluzen arrastorik gabe. Argazkia: EiTB
Hilabete, Hodei Egiluzen arrastorik gabe.
Hilabete, Hodei Egiluzen arrastorik gabe. Argazkia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Galdakaoko Udalak kontzentrazioa deitu du biharko Hodei Egiluz urriaren 18an Anberesen (Belgika) galdu zen gaztearen kasua argitu dadila eskatzeko eta senideei elkartasuna adierazteko.

Ekitaldia 19:00etan hasiko da Galdakaoko udaletxearen parean, eta hamar minutuko isilunea izango da.

Bestalde, Ibon Uribe Galdakaoko alkatea Anberesera joango da bihar Egiluz sendiarekin batera, eta Bard De Wever hiriko alkatearekin bilduko da, gertakariari buruzko ikerketaren nondik norakoak bertatik bertara ezagutzeko.

Poliziak bila jarraitzen du

Belgikako Poliziak duela hilabete bat Anberesen (Belgika) galdu zen Hodei Egiluz gazte galdakaoztarraren (Bizkaia) bila jarraitzen du, eta ikertzen ari dira ekintza kriminal baten biktima izan ote zen, epaitegietako iturriek jakitera eman dutenez.

"Ikerketa martxan dago. Bilaketa lanak hasi zirenetik ez dago datu berririk", adierazi du Stephanie Chome Anbereseko Fiskaltzaren bozeramaileak.

Duela gutxi, Fiskaltzaren bozeramaileak aitortu zuen Egiluz "gertakari kriminal baten biktima" izan zela pentsatzeko zantzuak dituztela.

Bost atxilotu

Orain arte bost lagun atxilotu dituzte kasuarekin lotuta, gazteari lapurtutako sakelako telefonoa eta kreditu txartela zituztelako.

"Egiluz galdu zen egunean ikusi egin zutela edo lapurtu egin ziotela uste dugu", aipatu iturrien arabera. Hala ere, horietako "inork ez du esan zer gertatu zitzaion Hodeiri edo non dagoen".

Homizidioa izan liteke

Belgikako hedabideek zabaldu dutenez, Poliziak eskuartean duen hipotesi nagusia lapurreta homizidioan amaitu zela da.

Gorpua bilatzeko lanak azaroaren 8an hasi ziren Escalda ibaian, eta hiriaren iparraldean, bertan ikusi baitzuten azkeneko aldiz.

Egiluz informatikaria da eta Createlli enpresan praktikak egitera joan zen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea