Gizartea -
Zirkulazioa
Gizon bat hil da autoarekin kamioi bat jota, Usansolon
Ezbeharra 15:00ak aldera gertatu da N-240 errepidean, Gasteizko norantzan.
Erredakzioa
Arrigorriagako 54 urteko gizonezko bat hil da Galdakaoko Usansolo auzoan izan den istripuan. Auto batek kamioi bat jo du aurrez, eta ondorioz, autoko gidaria hil egin da.
Segurtasun sailak jakitera eman duenez, ezbeharra 15:00ak aldera gertatu da, N-240 errepidean, Gasteizko norantzan. Bi ibilgailuek aurrez jo dute eta autoko gidaria harrapatuta geratu da. Suhiltzaileen parte hartzea beharrezkoa izan da gidaria ibilgailutik atera ahal izateko.
Bertaratu diren larrialdi zerbitzuek gidariaren heriotza baieztatu dute. Kamioiaren gidaria onik atera da.
Istripuaren ondorioz, errepidea moztuta egon da. Beranduago, txandaka bideratu du zirkulazioa Ertzaintzak.
Ezbeharraren zergatiak argitzeko ikerketa abiarazi du Ertzaintzak.