Gizartea -
Parot Doktrina
10 urteko ume bat hil zuen pederasta aske utzi dute Bartzelonan
Jose Antonio Carmona Molina Bartzelonako Briñas II espetxetik atera da bart. 44 urteko espetxe zigorra ezarri zioten, 10 urteko ume bat hiltzea egotzita.
Erredakzioa
10 urteko ume bat bortxatzen saiatu eta hiltzeagatik zigortutako Jose Antonio Carmona Molina Bartzelonako Briñas II espetxetik atera da bart. Carmonari 44 urteko espetxe zigorra ezarri zioten, ume bat bortxatzen saiatu eta hiltzeagatik eta beste adingabe bati sexu abusuak egiteagatik.Carmona Molina (58 urte) 1991. urtean zigortu zuten, Gironako Pont Major auzoan 10 urteko ume bat bortxatzen saiatu eta hiltzeagatik. Horrez gain, 1993. urtean 10 urteko espetxealdia ezarri zioten, beste adingabe bati sexu abusuak egitea egotzita.
Carmonak 23 urte eman ditu espetxean. 2006ko uztailean zen espetxetik ateratzekoa, baina fiskalak 'Parot doktrina' aplikatzeko eskatu zuen, eta Gironako Auzitegiak espetxean mantentzeko erabaki hartu zuen.Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiaren erabakiaren ondorioz, Carmona bart atera da espetxetik.1989. urteko urriaren 29an, Carmonak 10 urteko ume bati freskagarri bat erosi eta adingabea etxerik gabeko gune batera eraman zuen.Bertan, umea bortxatzen saiatu zen, baina adingabeak ez zion utzi eta ihes egiten saiatu zen. Carmonak han bertan hil zuen umea, harrika, eta, ondoren, gorpua labe batean sartu zuen. Gorpua erretzen saiatu zen, baina ez zuen lortu.