Gizartea -
Lan segurtasuna
EBn hartzen diren bajen erdiek estresarekin dute zerikusia
Juan Maria Aburtok nabarmendu duenez, krisi ekonomikoaren ondorioz, egoerak okerrera egin du. Horregatik, lan segurtasunean estresaren prebentzioa kontutan hartzearen alde agertu da.
Erredakzioa
Europar Batasuneko langileen %25ak estresa pairatzen du eta bi langiletik batek, gaixotasun honekin lotuta dauden arrazoiengatik hartzen du baja.
Juan Maria Aburto Enplegu eta Gizarte Politiken sailburuak eman du gaur datu hauen berri, Osalanek Bilboko Lan Osasunaren Institutuan antolatutako Lan Psikologiari buruzko jardunaldien irekieran.
Han, Euskadiko prebentzio zerbitzuek jasotako datuak ere aurkeztu ditu. 2008 eta 2010 artean 253 "lan-gatazka" izan dira: horietatik 63, estresagatik; 54, lan jazarpenagatik eta 50, laneko indarkeria dela eta.
Ildo horretan, krisi ekonomikoaren ondorioz, egoerak okerrera egin duela nabarmendu du Aburtok, eta lan segurtasunean estresaren prebentzioa kontutan hartzearen alde agertu da.
Enplegu sailburuaren esanetan, posible da lanean ematen diren estres egoera gehienei aurre egitea, baina horretarako beharrezkoa da lan egiteko modua aldatzea, eta erabakiak hartzeko orduan datu hauek kontutan hartzea.