Gizartea -

Indarkeria matxista: datuak

Indarkeria matxistak 43 emakume hil ditu 2003tik Hego Euskal Herrian

Gasteizen artatu dituzten biktimen batez besteko adina 35,5 urtekoa da, iaz baino hiru urte gutxiago. Hori dela eta, erakundeek gazteengan jarri dute arreta.

Emakumeen kontrako indarkeria salatzeko manifestazioa. Argazkia: Efe
Emakumeen kontrako indarkeria salatzeko manifestazioa.
3 hildako eta 3.500 denuntzia 2013an

1:37

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azken biktima Amagoia izan da. 26 urterekin hil zuen senarrak Laudion. Horrela, 43 dira Hego Euskal Herrian indarkeria matxistak azken hamarkadan utzitako biktimak, horietako 21 Bizkaian, 11 Nafarroan, 6 Gipuzkoan eta 5 Araban.

Gainera, salaketek gora egin dute, eta 5.000 erregistratu ziren iaz Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Nafarroan, berriz, zenbakiek behera egin dute, baina Berdintasunerako institutuak dio, ziurrenik, krisi egoeragatik emakume askok ez dutela salaketarik jarri.

Indarkeria matxistak modu ezberdinak dituenez, euskal emakumeen % 12k diote noizbait jasan dutela, Emakunderen arabera.

Biktimen adinak, behera

Gasteizko Udala emakumeen kontrako indarkeriaren 535 emakume artatzen ari da aurten, horietako 193 berriak dira (iaz ez zituzten artatzen), eta 35,5 urte dituzte batez beste, iaz baino hiru urte gutxiago. Hala ere, aurten kasu berri gutxiago atzeman dituzte, iaz 231 kasu berri jaso baitzituzten.

Gasteizko Udalak Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunaren harira zabaldu duenez, aurten lehenengo aldiz artatu dituzten emakumeen batez besteko adina 35 urte eta erdikoa da (iaz, 38,4 urtekoa zen). Gehienak tratu txar psikologiko edo emozionalen (% 48) biktima edo tratu txar fisikoen (% 42,6) biktima dira.

Ainhoa Domaica Gasteizko Udaleko Gizarte Gaietarako zinegotziak azpimarratu duenez, biktimak gero eta gazteagoak dira, eta, hori dela eta, prebentzio kanpainak eta gazteen baloreen hezkuntza indartu dituztela azaldu du.

Milaka emakume, zaintzapean

4.746 emakumek (575 Araban, 2.537 Bizkaian eta 1.634 Gipuzkoan) Ertzaintzaren babesa, maila desberdinetakoa, jasotzen dute emakumeen kontrako indarkeriari eta etxeko indarkeriari aurre egiteko, Segurtasun Sailaren arabera. Horren arabera, zifra hori aldatuz doa, baina azken urteetan gora egin du.

Ertzaintzak eskaintzen dituen babes neurriak biktimaren arriskuaren eta egoeraren arabera aldatzen dira; adibidez, biktimek bere burua babesteko neurriak ikas ditzakete, edo, arrisku handieneko kasuetan, bizkartzain pertsonal baten babesa izan dezakete.

Kaltetuak babesteko, lan sistema oso landua duela azaldu du Ertzaintzak, herritarrak babesten dituzten unitate guztiek bat eginda osatzen den azpiegitura bati esker. Gainera, kontu horietan Europar Batasunean aitzindaria den Euskal Herriko Unibertsitatearekin elkarlanean, arriskuak ebaluatzeko tresna bat dute martxan.

Biktima gazteak

EAEn, emakumeen aurkako indarkeriaren biktimen % 35,5 30 urtetik behera dituzte; eta kasu askotan, adingabeak dira biktimak.

Indarkeria motari dagokionez, 18 urtetik beherakoen kasuan, askatasun sexualaren kontrako delituak dira gehien ugaritu direnak, % 90 2013ko lehenengo seihilekoan hain zuzen ere.

18 eta 30 urte arteko emakumeen artean, % 30 hazi dira askatasun sexualaren kontrako erasoak eta familia barruko indarkeria.

Emakunderen arabera, indarkeria matxista gehien 31 eta 40 urte arteko emakumeek pairatzen dute. Tarte horretan, bikotekideen edo bikotekideen eraso fisikoak dira nagusi. Horren aurrean, Emakundek gazteen baloreen hezkuntza jorratzea eskatu du, joera hori aldatzeko.

Nafarroan, emakumeen arretarako zerbitzuak 1.300 indarkeria matxista kasu artatu ditu urtebetean. Salatzaileen ia erdiak 21 eta 40 urte artean zituen.

Ipar Euskal Herrian, berriz, 150-200 salaketa jartzen dituzte urtero emakumeen aurkako indarkeriagatik. Fiskaltzak azpimarratu du lege aldetik urratsak egin dituztela, eta orain aparteko indarkeria gisa sailkatu dutela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea