Gizartea -
Indarkeria matxista
Sexu erasoa egin diote neska bati Arrigorriagan
Ustezko erasotzaileak (28 urtekoa) aurrekariak ditu, sexu erasoak direla eta. Ertzaintzak atxilotu egin du.
Erredakzioa
Ertzaintzak 28 urteko mutil bat atxilotu du astelehen goizaldean, Arrigorriagan (Bizkaia) neska bati sexu erasoa egitea eta zorroa lapurtzea egotzita.
Gizonak aurrekariak ditu, aldez aurretik ere hirutan atzeman zutelako, sexu erasoak leporatuta.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak azaldu duenez, biktima Boluetako dantzaleku batetik atera zen, 21:30ean. Gizonezko bat hurbildu zitzaion, autoz, eta metro geltokira eramatea eskaini zion, euria ari zelako.
Neskak baiezkoa eman zion, eta ibilgailuan sartu zen. Ondoren, baina, mutilak Arrigorriagara eraman zuen, babes gabeko leku batera, eta, bertan, sexu erasoa egin ei zion. Ondoren, bertan utzi zuen, bakarrik, eta ihes egin zuen.
00:30ean, Ertzaintzak ibilgailu susmagarria atzeman zuen, Boluetan. Barruan bi gazte zeuden, eta horietako bat biktimak emandako deskribapenarekin bat zetorren. Horregatik, atxilotu egin zuten.