Gizartea -

Herritarren segurtasuna

30.000 euroko isunak, presoen argazkiak erakusteagatik

Herritarren Segurtasunerako aurreproiektuaren Legea onartu du Ministroen Kontseiluak.  Besteak beste, Espainia iraintzeagatik ezar daitezkeen zigorrak biltzen ditu araudi berriak.

Jorge Fernandez Diaz. Argazkia: EFE
Jorge Fernandez Diaz. EFE
ETAko presoen argazkiak erakusteagatik 30.000 euroko isunak

1:03

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gobernuak arau-hauste larritzat zigortu ahal izango du, 1.001 eta 30.000 euro arteko isunarekin, presoen argazkiak erakusten diren ekitaldiak edo omenaldiak, Kode Penalean jasotzen diren delituak egiten ez diren bitartean. Hori da, besteak beste, Herritarren Segurtasunerako Legearen aurreproiektuak jasotzen duen arau-hausteetako bat. Ministroen Kontseiluak onartu du gaur aurreproiektua.

Horrez gain, Espainiari, autonomia erkidegoei, tokiko erakundeei, horien ikurrei, erakundeei eta ereserkiei idoi egitea ere zigortuko du legeak.

Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak legea defendatu du Ministro Kontseiluaren ondoren eskainitako prentsaurrekoan. Gogoratu du Kode Penalaren berritzean, egun izapidetzean dagoena, arau-hausteak desagertu egingo direla. Horietako batzuk delitu bilakatuko dira eta beste batzuei tipifikazioa kenduko zaie. Arlo horretan arituko da Herritarren Segurtasunerako Legea. Legealdi honen lehen bi urteetan manifestatzeko eskubidea “zabaltasunez” egin ahal izan dela azpimarratu du ministroak.

Herritarren arteko elkarbizitza

Lege berriaren bidez herritarren arteko elkarbizitza “hobea” lortu nahi dela, eta indarkeria erabiltzen duten taldeak zigortu eta bakartu nahi direla baieztatu du Fernandez Diazek.

Legearen bidez Estatuko Segurtasun Indarrei eskaintzen zaien babesa “ezinbestekotzat” jo du Barne ministroak. Legeak Segurtasun Indarretako kideei egindako irainak eta mehatxuak zigortuko ditu. Baita horiei argazkiak ateratzea ere.

Gobernuak aztertutako hasierako zirriborroetan, arau-hauste larritzat edo oso larritzat jotzen zen puntu hori. Ministroen Kontseiluak gaur onartu duen testuan urratze arintzat jotzen dira.

Arau-hauste larriak

Barne ministroak iragarri duenez, aurreproiektuak, besteak beste, arau-hauste larriak jasotzen ditu. Horiek 1.001 eta 30.000 euro arteko isunak izango dituzte.

Fernandez Diazek arau-hauste larriaren adibidetzat jarri du Espainiaren aurkako oihuak egingo liratekeen manifestazio bat, beti ere, deliturik egiten ez den bitartean, eta publikoki gertatzen denean. Hala ere, baieztatu du Espainiaren batasunaren aurkako kontsignak egiteak ez luketela zigorrik ekarriko, legearen barruan eta indarkeriarik gabe egiten diren bitartean.

Futbol zelaietan Espainiako ereserkiari txistu egitearen inguruan, Barne ministroak adierazi du egoera hori Kirolean indarkeria, arrazismoa eta xenofobia erabiltzearen aurkako legean jasota dagoela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea