Gizartea -
Nazioarteko eguna
GKEk hiesaren kontrako borrokan egindako murrizketak salatu dituzte
Iaz, gaixotutakoen % 55k baino ez zuen sendagaia lortu, % 28k haurren kasuan. Gaixo berrien % 70 afrikarrak dira.
Erredakzioa
Munduko Medikuak, Medicusmundi eta Prosalus erakundeek gogor salatu dute Espainiak osasunari zuzendutako aurrekontuak % 60 murriztea, hiesak kutsatutakoen gaixo kopuruak gora egiten duen bitartean.
"Osasuna garapenarenerako lankidetzan eta giza ekintza" 2013ko txostena aurkeztu dute, Hiesaren Kontrako Nazioarteko Eguna dela eta; berton agertzen denez, nahiz eta aurreko urteetan baino gaixo berri gutxiago egon, gaixo kopurua hazi da, eta 2011an 34 milioikoa izan da.
Gainera, Espainiak hiesa, tuberkulosia eta malariaren kontrako borrokarako Nazioarteko Funtsaren finantzatzaile nagusietako bat izan da, 2009 urtera arte, urtean 200 milioi inguruko ekarpenarekin.
Geroztik, Mugarik Gabeko Medikuak (MSF) erakundeak jakinarazi duenez, Espainiak gero eta diru gutxiago jarri du, ezer ere ez jarri arte. Izan ere, Washingtongo 2012ko Goi Bileran hartu zuen konpromezua, 10 milioi euroko ekarpena egitea, ez zuen bete.
Aipatutako txostenaren arabera, Espainiak 74 milioi euro bideratu zituen osasunaren sektorearentzat, 2011an baino % 60 gutxiago.
Sendagaia eskuratzeko aukerari dagokionez, GKEk esan dute, gaixotutakoen % 55k baino ez zuela sendagaia lortu, 8 milioi pertsona, 14,4 milioik behar zutenean.
Haurren kasuan, gaixoen % 28k lortu zuen sendagaia. Gainera, gaixo berrien % 70 afrikarrak dira, gaixo gehien dagoen lurraldea da, 20 pertsonatik bat kutsatuta baitago.