Gizartea -

Atxiloketa Nafarroan

180 haurrekin pornografia partekatzen saiatzeagatik atxilotu dute

Adingabekoek erabiltzen duten sare sozial batean hainbat profil faltsu sortu zituen gazteak. Harremanetan jarri ondoren pornografia edukiak partekatzeko eskatzen zien.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

23 urteko gazte bat atxilotu dute Nafarroan sare sozial baten bidez pornografia edukiak partekatzeko 180 haur baino gehiagorekin harremana izatea egotzita. Adingabeko gehienak Andaluziakoak ziren eta 13 urte baino gutxiago zuten.

Nafarroako Poliziaren Goi Buruzagitzak jakitera eman duenez, atxilotutako gazteak hainbat profil faltsu sortu zituen gaztetxoek erabiltzen duten sare sozial batean. Txataren bidez jartzen zen harremanetan gaztetxoekin, eta hitz batzuk egin ondoren pornografia edukiak partekatzeko gonbita luzatzen zien.

Solaskideak baino pare bat urte gehiago zituela esaten zuen gazteak, eta poliziak adierazi duenez, solaskideak 15 urte zituela esaten zuenean, elkarrizketa eten egiten zuen.

Ikerketak Granadan hasi zituen Polizia Nazionalaren Teknologia Delituen Taldeak. Neskato baten amak salaketa jarri zuen, atxilotutako mutila haurrarekin harremanetan jarri ondoren.

Poliziak gaztea aurkitu eta identifikatu zuen. Antza, hainbat perfil faltsu sortu zituen adingabekoen artean oso ezaguna den sare sozial batean. Sarearen administratzailearen laguntza jaso zuen poliziak.

Ikerketaren arabera, gazteak bere helburua lortu zuen hainbat neskatorekin. Horiei, txatetik ateratzeko gonbita luzatzen zien eta elkarrizketa, kanal seguruagoetara bideratzen zuen, edukiak partekatu ahal izateko.

Atxilotutako gazteak beste sare sozial bateko gazte baten argazkia erabili zuen profil faltsua sortzeko. Poliziak informatika arloko hainbat gailu atzeman ditu bere etxean eta horiek ikertzen ari da orain.

Nafarroako hiriburuko Epaitegien esku geratu da 23 urteko gaztea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Delituak azken ordukoa Umeak albisteak gaur