Gizartea -
Indarkeria matxista
Euskadi, 2012an indarkeria matxista gutxien pairatu duen erkidegoa
Estatistikako Institutu Nazionalaren datuen arabera, 2012an 675 biktima izan ziren Euskal Autonomia Erkidegoan. Biztanleria kontuan izanik, intzidentzia baxuena duen erkidegoa da.
Erredakzioa
Euskadi izan zen 2012 urtean indarkeria matxistaren intzidentzia baxuena izan duen autonomia erkidegoa. Datuen arabera, 100.000 emakumetik, 14 urte baino gehiagoko 69 biktima izan ziren, Espainiako daturik baxuena.
Estatistikako Institutu Nazionalaren datuak Indarkeria Matxistaren Biktimen babeserako Erregistro Zentralaren estatistiketan oinarrituta daude. Horietan jasotzen denez, joan den urtean 675 biktima izan ziren Euskal Autonomia Erkidegoan. Biztanleria kontuan izanik, intzidentzia baxuena duen erkidegoa da.
Espainiari dagokionez, 2012 urtean 29.146 emakumek pairatu zuten indarkeria matxista, aurreko urtean baino % 9,6 gutxiago. Horien artean, erdiak, 25 eta 39 urte artean zuen, 2011ko datuaren parekoa.
29.048 gizonezko salatu zituzten iaz indarkeria matxista dela eta, 2011an baino % 9,6 gutxiago. Gehienek, % 63,3, 25 eta 44 urte bitartean zuten. Hirutik bi Espainian jaiotakoak ziren, biktimak bezala.
Biztanleriaren arabera, eta 14 urtetik gorako 100.000 emakume kontuan izanik, datuek diote atzerrian jaiotakoen emakumeenganako indarkeria matxista handiagoa izan zela. Atzerriko 346 emakumek pairatu zuten indarkeria matxista, Espainiakoen artean indarkeria 108 emakumek jasan zuten bitartean. Salatuen artean ere, gehiengoa atzerritarrak ziren (332).
Datu orokorrak aintzat harturik, indarkeria matxistaren biktima gehien izan zituen autonomia erkidegoa Andaluzia izan zen (7.161). Bigarren eta hirugarren lekuan daude Valentziako erkidegoa (4.172) eta Madrid (3.427). Kasu gutxien izandakoen artean Nafarroa (311) eta Errioxa (194) daude.
Adin taldeei dagokionez, biktimen gehiengoak 30 eta 34 urte artean zuen (5.252). 35 eta 39 urte artekoak 5.112 izan ziren eta 25 eta 29 urte artekok 4.559.
18 urte azpikoen artean, indarkeria jasan duten emakumeen kopurua % 4,5 murriztu zen. 2012an 545 emakumek pairatu zuten indarkeria matxista, 211an 571 izan ziren bitartean.