Gizartea -
Miamiko aireportua
Reincidentes taldeko abeslaria atxilotu dute, 'intoxikazioagatik'
Miamiko atxilotze-zentro batean dago Fernando Madina, ''intoxikazioa'' eta ''desordena'' egotzita, eta 500 dolarreko bermea ezarri diote. Datozen orduotan gera liteke aske.
Erredakzioa
Fernando Madina Reincidentes taldeko abeslaria ostiralean atxilotu zuten Miamiko aireportuan, eta hiri horretako atxilotze-zentro batean dago, 500 dolarreko bermepean, EFE agentziak espetxe-iturriak aipatuz emandako informazioaren arabera. Iturri horiek aurreratu dutenez, datozen orduotan gera liteke aske.
Zehazki, Turner Guilford Knight Correctional Centerren dago Madina, ''intoxikazio arazoak'' eta ''desordena'' egotzita, bertako funtzionario baten arabera.
"Miamitik Quitora joatekoa zela atxilotu egin zuten, ez zuten atxiki; ondorioz, ezin izan zuen hegazkina hartu. Atxilotzearen arrazoia publikoa da: ''neurrigabeko intoxikazioa''. Hala ere, oraindik ez dugu atxilotuaren jarreraren inguruko xehetasunik'', esan dio EFE Agentziari Javier Pagalday Espainiak Miamin duen kontsularen albokoak. ''Oraindik ezin dugu xehetasun gehiago eman. Edonola ere, argi utzi nahi dut ez dela dokumentazioarekin lotutako atxikipenik egon. Atxilotzea izan da'', gaineratu du.
Taldeko abeslaria desagertuta zegoela zabaldu du aurretik taldeak berak Facebooken, ohar batean. Igandean kontzertua eman behar zuten Ekuadorreko jaialdi batean, baina emanaldia bertan behera uztea erabaki zuten.
Reincidenteseko kideek ohar horretan azaldu dutenez, Miamiko aireportuan galdu zuten Madinaren arrastoa. Ekuadorrera joateko hegazkina hartu behar zuten bertan, baina Madina ez zen hegazkinean sartu, "oraindik argitu ez diren arrazoiak tarteko".
Taldekideek Poliziarekin hitz egin zuten, baina, horien arabera, ez zegoen Madina atxilotzeko agindurik, ezta haren aurkako salaketarik ere. Senideek ikerketa hasteko eskatu zioten Poliziari, eta ondoren abiatu zuten hura bilatzeko operazioa.
Reincidentes taldeko kideek eskerrak eman dizkiete Ekuadorreko jaialdiaren antolatzaileei, "guretzat hain zailak diren une hauetan erabakia errespetatu eta ulertzeagatik".