Gizartea -
Noos auzia
Castro epaileak infanta inputatu behar duen galdetu die aldeei
Bost eguneko epea dute aldeek balizko zitazioaren aldeko eta kontrako iritziak helarazteko.
Erredakzioa
Jose Castro Noos auziko instrukzio-epailea aldeei zuzendu zaie infanta ustez iruzur fiskala egiteagatik eta dirua zuritzeagatik inputatu behar ote duen galdetzeko.
Gaur, astelehena, zabaldutako probidentziaren arabera, epaileak bost eguneko epea eman die aldeei "Cristina Borboikoaren balizko zitazio baten inguruan alegazioak" egin ditzaten, "inputatu gisa deklaratzera deitzeko Ogasun Publikoaren kontrako delitu bat egitea edota dirua zuritzea egotzita".
Epaileak abenduaren 5ean Zerga Agentziaren txostenak jaso ostean hartu du erabakia. Izan ere, horien zain zegoen inputazio berri baten inguruan erabaki bat hartzeko.
Castrok Zerga Agentziaren eta Poliziaren zenbait txosten zabaldu ditu azken asteotan, denak Espainiako erregearen alaba gazteenak Aizoon enpresan zuen erantzukizunaren ingurukoak. Iñaki Urdangarin eta infanta ziren enpresa horren jabeak, eta Noos Institutuaren dirua desbideratzeko egin zuten sareko enpresetako bat da, ustez.
Epaileak infanta inputatu eta deklaratzera deitu zuen aurreko apirilean, baina zitazioa bertan behera geratu zen Ustelkeriaren kontrako Fiskaltzak Castroren erabakiaren kontra egin eta Palmako Auzitegiak maiatzean egindako auto bat baliogabetu eta gero.
Aipatutako autoan, Auzitegiak ikertzeko bide berriak zehaztu zituen, eta, ordutik, Castrok infantaren deklarazioaren inguruan txostenak egitea agindu du, baita Aizoon enpresako gastuen ingurukoak ere.