Gizartea -

Euskaltegiak, Nafarroan

IKAk eta AEK-k Gobernuak laguntzarik ematen ez diela salatu dute

Eguerdian, hainbat herritarrek giza katea osatu dute Iruñean, Nafarroako Gobernuaren egoitzaren aurrean.  2012ko urritik gaur arte Nafarroako euskaltegiek diru-laguntzarik jaso ez dutela salatu dute.

Eguerdiko kontzentrazioaren irudi bat. Argazkia: @irunerrikoaek
Eguerdiko kontzentrazioaren irudi bat. Argazkia: @irunerrikoaek
Eguerdiko kontzentrazioaren irudi bat. Argazkia: @irunerrikoaek

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hainbat herritarrek giza kate bat irudikatu dute gaur Iruñean, Nafarroako Gobernuaren egoitzaren aurrean, IKAko eta AEK-ko euskaltegien lana babesteko eta horien zentroek 2012ko urritik diru-laguntzarik jaso ez dutela salatzeko.

Euskara ikasi nahi duten nafar heldu gehienok eurak aukeratzen dituztela, eta, ondorioz, zerbitzu publikoa  aurrera daramatela esan eta gero, Nafarroako Gobernuak horretarako "beharrezko diren giza eta teknika bitartekoak eta materialak" jarri ez dituela adierazi dute. Izan ere, haien ordezkarien esanetan, "2012ko urritik gaur arte, Nafarroako euskaltegiek ez dute diru-laguntzarik jaso, Aurrekontuetan 245.000 euroko kontu-saila onartuta bazegoen ere".

Halaber, AEK-ko eta IKAko ordezkariek 1986ko Euskararen Legeak 2. artikuluan dioena gogora ekarri dute agerraldian: "Gaztelera eta euskara Nafarroako hizkuntza berekiak dira eta, horren ondorioz, hiritar guztiek dute ezagutu eta erabiltzeko eskubidea".

Bukatzeko, argi adierazi dute herritarren laguntzari esker Nafarroa euskalduntzen segitzeko asmo tinko eta irmoa dutela, "nahiz eta UPNren Gobernua AEK eta IKA itotzen saiatu".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea