Gizartea -

Haur pornografia

Milaka eduki pedofilo atzeman dituzte Nafarroako salaketa bategatik

Pertsona bat atxilotu eta bi inputatu dituzte Iruñean hasi eta Espainiako zenbait probintzietara zabaldu den polizia operazioan.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pertsona bat atxilotu eta bi inputatu ditu Nafarroako Guardia Zibilak, eduki pedofiloak zituzten milaka bideo aurkitu ostean. Iruñean jarritako salaketa batek abiatu zuen polizia operazioa, eta Valladoliden, Coruñan eta Teruelen izan dira atxiloketak eta inputazioak.

Iruñeako emakumezko batek nahi gabe Internetetik eduki pedofiloak deskargatu zituen, eta salaketa jarri zuenean, 'Bucaneros' deitzen den polizia operazioa jarri zen martxan.

Operazio horretan egindako erregistroetan, haur pornografiaz betetako bederatzi terabyte aurkitu ditu Guardia Zibilak, ia 2.000 bideo eta argazkirekin. Guztira, lau disko gogor eta eduki pornografikoak dituzten 10.000 artxibo baino gehiago topatu dituzte, horien artean, jaioberriekin sexu harreman esplizituak agertzen ziren bideo eta argazkiak.

Hori dela eta, atxilotuta edota inputatuta dauden hiru pertsonei adingabeen usteltze delitua leporatu diete.

Inputatuetako batek informatikaren inguruko jakinduria zabala zuen, eta erabilera pertsonalerako, domeinu bat baino gehiago zituen kontratatuta. Gainera, sei posta elektroniko ezberdin zituen, eta sare sozialetan profil ugari.

Hiru ordenagailu erabiltzen zituen, eta informatikarekin eta telefoniarekin lotura duten beste hainbat gailu eta osagarri. Azken urtean, 1.500 eduki pedofilo deskargatu zituela jakin izan du Poliziak; batez beste, egunean hiru artxibo.

Atxilotua eta bi inputatuak Iruñeako 1 Zenbakidun Instrukzio Epaitegiaren esku utzi dituzte, bertan aztertuko baitute kasua.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea