Gizartea -
Iruñeko merindadea
Atzerapenak, 'villavesen' grebaren bigarren egunean
Iruñea hiriko eta merindadeko autobus zerbitzuan bigarren greba eguna da gaur, eta zerbitzu minimoetako ibilgailuen irteeran atzerapenak izan dira.
Erredakzioa
TCC zerbitzuaren kontzesioa duen enpresako ordezkarien arabera, atzo gertatu zen bezala, autobusak oso atzeratuta dabiltza, garajeetan pikete informatiboak baitaude.
06:30etik 09:30 arte, linea guztietan % 60ko zerbitzua dago, eta, ondoren, % 40koa egongo da, 13:00ak arte, udal administrazioak ezarri duen zerbitzu minimoen dekretuari jarraiki.
Greba mugagabe honetarako, % 60ko zerbitzu minimoak ezarri dituzte, joan-etorri gehieneko orduetarako: 06:30etik 09:30era, 13:00etatik 15:30era eta 17:00etatik 20:30era. Gainerako ordu tarteetan, % 40koa izango da zerbitzua.
Larunbat-igandeetan eta jaiegunetan, lanegun bateko zerbitzuaren % 40koa izango da maiztasuna, eta, gaueko zerbitzuari begira, astelehenetik ostegunera eta jaiegunetan, linea bakoitzeko (N8 eta N9 izan ezik) azken zerbitzua beti bezala egingo da, noranzko bietan, jardunaldi amaierako joan-etorriak bermatuta izateko.
Ostiraletan, 22:30etik 04:00etara, 60 minutuan behin autobus bat ibiliko da noranzko bakoitzean, N8 eta N9 lineetan izan ezik. Horietan, bi orduan behin egingo dute autobusek ibilbidea.
Azkenik, larunbatetan 22:30 eta 06:00ak bitartean, joaneko eta itzultzeko zerbitzu bana egongo da 60 minutuan behin, N8 eta N9 lineetan izan ezik. Horietan, bi orduan behin egingo dute autobusek ibilbidea.