Gizartea -
Sutea eta gas ihesa
Sei lagun intoxikatuta Iruñean eta Errenterian, gasa eta kea arnastuta
Senar-emazte batzuk eta haien semea ospitaleratu dituzte Iruñean, Txantrean sute bat izan ondoren. Errenterian ere, senar-emazte batzuk eta haien alaba ospitaleratu dituzte, gasa arnastu dutelako.
Erredakzioa
Iruñeko sutea 06:28an piztu da gaur goizean, Oltza Zendearen zeharkaleko 5. zenbakian, lau solairuko eraikin batean. Foru Gobernuak azaldu duenez, etxeko bizilagun guztiak etxetik atera dituzte.
Suak sukaldean eta despentsan egin ditu kalte handienak, eta Udaltzaingoa familiak alokatuta zuen etxean sutea zerk eragin duen ikertzen ari da. Etxebizitzaren gainerako gelak keak hartu ditu.
Trinitarioseko parkeko suhiltzaileek sua amatatu dute, eta etxea haizeztatu eta garbitzeko lanak egiten jarri dira.
Bi anbulantzia arrunt eta mediku bat bertaratu dira. Doktoreak biktimetako bat artatu du, besteek baino intoxikazio handiagoa baitzuen.
Gas ihesa, Errenterian
Errenterian, senar-emazte batzuk eta haien alaba Donostia Ospitalera eraman dituzte, gasa arnastu dutelako. Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, litekeena da etxeko galdararen errekuntza sisteman akatsen bat gertatu izana, eta horregatik zabaldu da gasa etxebizitzan.
03:40 aldera izan da istripua, Miguel de Alduntzin kaleko pisu batean. 49 eta 47 urteko senar-emazte batzuk eta bederatzi urteko alaba artatu behar izan dituzte bertan, gasa arnastuta intoxikatuta zeuden zantzuak baitzituzten.
Abisua jasotakoan, zaurituak Donostia Ospitalera eraman dituzte. Litekeena da galdararen errekuntza sistemako akats batek eragin izana ihesa.