Gizartea -
Araban desagertuta
Lapueblan abenduaren 1ean desagertutako gaztearen gorpua aurkitu dute
Ebro ibaian topatu dute Guardia Zibilaren urpekariek, eguerdian.
Erredakzioa
Abenduaren 1ean Lapuebla de Labarca (Araba) desagertu zen gaztearen gorpua 12:30ean topatu dute gaur Guardia Zibilaren urpekariek, Segurtasun Saileko iturriek jakinarazi dutenez.
Duela 19 egun ekin zioten gaztea bilatzeari. Abenduaren 1ean alarma abisua eman zuten desagertutakoaren lagunek, harekin geratu eta agertzen ez zela ikusita. Handik gutxira, gaztearen txakurra, zapatilak eta arropa topatu zituzten Ebro ibaiaren ertzean.
Ordudanik, egunero aritu dira haren bila, La Poveda inguruan, Ebro ibaitik gertu. Honakoek hartu dute parte bilatze lanetan: Ertzaintza, suhiltzaileak, boluntarioak eta Guardia Zibilaren urpekariak. Hain justu, azken horiek topatu dute hilotza.