Gizartea -

Desagerpena Anberesen

Bi hilabete, Hodei Egiluz desagertu zenetik

Ostegun honetan, Hodeiren senitartekoek, lagunek eta bizilagunek elkarretaratzeak egin dituzte Anberesen eta Galdakaon, desagerpena argitzea eskatzeko.

Elkarretaratzeak egin dituzte Galdakaon eta Anberesen
Elkarretaratzeak egin dituzte Galdakaon eta Anberesen
Elkarretaratzeak egin dituzte Galdakaon eta Anberesen

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bi hilabete dira Hogei Egiluz Galdakaoko gaztea Anberesen (Belgika) desagertu zenetik, eta gaztearen desagerpena argitzea eskatzeko eta senitartekoei babesa eskaintzeko elkarretaratzeak egin dituzte, beste behin, Anberesen (Belgika) eta Galdakaon (Bizkaia).

700 lagun inguru elkartu dira Galdakaoko hitzorduan, Udalak deitutako 10 minutuko elkarretaratze isilean. Besteak beste, Hodeiren gurasoak eta arreba izan dira bertan. Txalo artean bukatu dute elkarretaratzea, eta Ibon Uribe Galdakaoko alkateak babesa eskertu dira bertara hurbildu diren bizilagunei.Poliziak ez du oraindik Egiluz aurkitu, nahiz eta azken aldiz ikusi zuten inguruan bilaketa-lanak indartu dituzten. Anbereseko Fiskaltzak gaur ezagutzera eman duenez, Lobroekdokeko portu inguruan aurkitutako gorpua ez da Galdakaoko gaztearena.

Iragan ostiralean, Babes Zibileko urpekariak Eskalda ibaian aritu ziren bilaketak egiten, ibai horren inguruan galtzen baita Hodeiren arrastoa. Ez zuten arrakastarik izan bilaketa-lanetan. Abenduaren  5ean mota honetako bilaketetan espezializatua den txakurren laguntzarekin miatu zuten Bonaparte moilaren ingurua eta haiek modu baikorrean erantzun zuten, nahiz eta ez zuten emaitzarik lortu.

Agintarien ustez, zantzu nahikoa dago Hodei ''ekintza kriminal baten biktima'' izan zela eta ''bere kabuz'' desagertu ez zela ondorioztatzeko, Fiskaltzak hainbatetan adierazi duenez.

Belgikako Poliziak hainbat lagun atxilotu ditu, auziarekin zerikusia dutelakoan. Guztiek zuten aldean gaztearen objektu pertsonalen bat (sakelako telefonoa edo diru-zorroa, tartean). Edonola ere, Poliziak ez du xehetasun gehiago eman nahi izan, auzia sekretupean baitago.

Abenduaren 9an, gaztearen senitartekoek eta Child Focus elkarteak indarrak batu zituzten bilaketa lanei bultzada emateko. Kartel berriak zabaldu zituzten Belgikan eta herritarrei laguntza eskatu zieten.

Hodei Egiluzek 23 urte ditu eta Informatika-ingeniaria da. Apirilean joan zen Anberesera Createlli lantegian praktikak egitera. Ekainean lana eskaini zioten eta bertan bizi zen.

http://www.eitb.com/eu/albisteak/gizartea/osoa/1697300/hodei-egiluz-desagertua-anberes--belgikako-polizia-bilatzen-ari-da/

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea