Gizartea -
Onkologikoa
Eusko Jaurlaritzak 23 milioi euro emango dizkio Onkologikoari 2014an
EH Bilduren aburuz, Eusko Jaurlaritzaren eta Kutxabanaken arteko akordioak "Onkologikoaren pribatizazioa errazten" du.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak bost urterako berritu du Donostiako Onkologikoarekin hitzarmena. 2014 urtean 23,1 milioi euro emango dizkio, azken urteetako antzerako kopurua.
Jon Darpon Osasun sailburuak eta Xabier Iturbe Kutxako presidenteak hitzarmena sinatu dute gaur. Onkologikoak Donostiako erietxeen ondoan eraikin berria ireki zuenetik sinatu duten lehena da honakoa.
Osasin sailburuaren arabera, "hitzarmenak Osakidetzako eta Onkologikoko mediku-taldeen arteko koordinazioa indartzen du, Donostiako institutuarei egonkortasuna ematen dio eta asistentzia-jarduera bermatzen du".
Xabier Iturbek azaldu duenez, "23 milioi horiek institutu onkologikoaren sarreren %80 dira".
Bi erakundeen arteko akordioak, ordea, 2014 urterako ekarpena soilik zehazten du. Hurrengo lau urteetarako ekarpenak negoziatu egin beharko dira. Kutxak Onkologikoari egiten dion ekarpena handitzea espero du Darponek.
Sailburuak adierazi duenez, "hitzarmen berriak sare publikoaren eta Kutxaren institutuaren arteko elkarlanean sakontzen du, onkologia arloan Gipuzkoan zerbitzua ematen duten bi zentro nagusien arteko koordinazioa hobetzeko".
Zentzu horretan mintzatu da Xabier Iturbe. "Bi erakundeen onkologia zerbitzuak kalitate- estandar homogenoen menpean egongo dira", esan du.
EH Bilduren kritikak
Hitzarmena sinatu baino lehen, horren edukia kritikatu du EH Bilduk ohar bidez. Rebeka Ubera legebiltzarkideak adierazi duenez, "Osasun sailburuak ez du bete Legebiltzarrak Onkologikoa sare publikoan barneratzeko egindako eskaera".
"Onkologikoak duen filosofia publikoa arriskuan dago", azpimarratu du Uberak. "Ardura eragiten digute egoerak eta pribatizazioaren arriskuak, eta hitzarmenak horretarako bidea errazten du", gaineratu du.
Legebiltzarrean Darponen agerraldia eskatuko duela iragarri du EH Bilduk eta agiriaren kopia bat eskatu du edukia osotasunean aztertzeko.