Gizartea -

Aurreproiektua onartu dute

Kritika zaparrada abortuaren legearen erreformari

Ehunka pertsona bildu dira Justizia Ministerioan, protesta gisa, eta hiru lagun atxilotu dituzte. PPko 76 emakume diputatuek askatasunez botoa ematea eskatu du PSOEk.

¿

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

300 bat lagun bildu dira ostiral honetan Justizia Ministerioaren aurrean, Ministroen Kontseiluak onartu duen abortuaren legearen erreformaren aurreproiektuaren kontra protesta egiteko. Abortu aske eta doakoren aldeko mezuak eta Gallardonen dimisioa eskatuz oihuak entzun dira protesta horretan.

Poliziak hiru lagun atxilotu ditu, erresistentzia, agintariei desobeditzea eta agenteen kontrako atentatua egotzita.

Erreforma horrek kritika zaparrada eragin du, alderdi politikoen, elkarteen, sindikatuen eta baita Justizia eta osasun arloko hainbat erakundeen eskutik.

Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari orokorrak salatu duenez, erreformak ''haurdunaldiaren inguruan askatasunez erabakitzeko eskubide'' kentzen die emakumeei, eta ekimenak PPren ''hauteskunde interesei'' erantzuten die. Rubalcabaren hitzetan, ''ez dago egungo legea aldatzeko gizartearen gehiengoaren aldarrikapenik'', eta erreformaren arrazoia ''eskumarantz zuzendutako mugimenduak eskatzen dituen PPren sektorea'' dela esan du.

Elena Valenciano PSOEko ordezkariak, halaber, PPko 76 diputatu emakumeei kontzientzia kontuan izateko eskatu die, eta Kongresuko bozketan boto askatasuna edo ezkutuko botoa emateko aukera ematea eskatu dio PPri.

Josean Agirretxea EAJk Kongresuan duen Berdintasunerako bozeramaileak azpimarratu du ''mendebaldeko herrialdeetan egungo abortu legerik murriztaileena'' dela, ''1985eako baino are murriztaileagoa''. Agirretxearen hitzetan ere ''PPren sektore erreakzionarioei'' erantzuten die erreformak.

Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria ere erabateko desadostasuna agertu du, ''atzerakada onartezina'' delako. Landaidaren ustez, haurdunaldia etetea erabakitzen duten emakumeak kriminalizatzen ditu aurreproiektuak.

Marisa Soleto Fundacion Mujeres elkarteko presidentearen aburuz, 1985eako legea baino okerragoa da egungo da ''eskubideen murrizketari dagokionez''. Halaber, ''beteezinak izango diren egoerak'' eragingo ditu, eta ''isilpeko abortuak egitera bultzatuko ditu emakumeak''.

Abortuaren eskubidearen aldeko Euskal Herriko Plataforma Feministak elkarretaratzea deitu du larunbat honetako Bilbon, PPren egoitzaren aurrean, erreformaren aurka protesta egiteko. Ohar baten bidez, lege-proiektuaren aurrean ''erabateko gaitzespena'' agertu dute, eta emakumeen eskubideak murriztea helburu duela salatu dute.

CCOO eta UGT sindikatuen hitzetan, emakumeen kontrako ''erasoa'' da, eta emakumeak eta osasun arloko profesionalak ''klandestinitatean'' aritzeko zigortzen dituela azpimarratu dute.

OMC Espainiako Medikuen Elkargoen presidenteak azaldu duenez, erreformak aldaketa ''garrantzitsu asko'' ezartzen ditu, eta lege berria zehatz-mehatz aztertu beharko da. Edonola ere, ''orain 28 urteko egoerara'' itzuliko garela aurreratu du.

Jueces para la Democracia elkarteak, bestalde, aurreproiektuak Espainia ''Konstituzioaren aurretiko denboretara'' eramaten duela ohartarazi du.

Abortuaren kontrako taldeak

Paradoxikoki, erreforma ez dute begi onez ikusi ez abortuaren aldeko taldeek ezta kontrakoek ere; batzuen ustez ''murriztailea eta arbitrarioa'' da erreforma; eta besteen ustez, berriz, ''ez da nahikoa''. Ildo horretan, Familiaren Foroak esan du aurreproiektua ''oso positiboa'' dela, baian ez dela beren ''ideiala''.

Abortuaren kontrako taldeek begi onez ikusi dute fetuaren malformazioaren baldintza bertan behera uztea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea