Gizartea -
Eguraldia
Alerta laranja Gabon-egunerako EAEn, haize-bolada gogorrengatik
Haizea orduko 140 kilometroko abiadurara iritsiko dela ohartarazi dute.
Erredakzioa
Segurtasun Sailak haizeagatik alerta laranja ezarri du EAEn gaurko eta biharko. Orduko 140 kilometrorainoko haize-boladak espero dira, eta kostaldean, bost metrorainoko olatuak izango dira.
Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak adierazi duenez, 18:00ak arte, abisua horia izango da, eta orduko 100 kilometroko haize-boladak izango dira. Ordu horretatik aurrera, ordea, alerta laranja ezarriko da, hego-ekialdeko haizeak orduko 120 kilometroko abiadura gaindituko baitu, batez ere, EAE mendebaldeko mendi inguruetan.
Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak "depresio sakon eta luze" bat jasango du. Britainiar Irlen mendebaldean du jatorria ekaitz horrek, eta olatu handiak eta haize gogorrak eragingo ditu.
Ekaitzik gogorrenak Bizkaiko eta Arabako mendebaldean izango dira, batez ere mendialdean. Orduko 140 kilometroko haizeak astinduko ditu zonalde horiek, biharko lehen orduetan. Gauerako, eguraldia baretzen hasiko da, baina tarteka intentsitate berberarekin joko du.
Biharko egunean zehar eta ostegunean, haizeak indarra galduko du eta mendebaldetik joko du, gehienbat, barnealdeko ipar-ekialdeko zenbait puntutan. Kostaldean, haize-bolada gogorrek jarrai dezakete.
Ekaitzak olatu handiak ekarriko ditu kostaldera. Gaur, hiru eta lau metro arteko olatuak espero dira, eta bihar, bost metrotaraino iritsi daitezke.