Gizartea -
Lan gatazka
Protesta gehiago egingo dituzte Euskalteleko langileek urtarrilean
Zuzendaritzak hainbat lan azpikontratatzeko duen asmoa aldatzen ez badu urtarrilean mobilizazio gehiago egingo dituztela iragarri du enpresa batzordeak Bilbon protesta egin eta gero.
Erredakzioa
Euskalteleko enpresa batzordeak zuzendaritzari iragarri dionez, telekomunikazio enpresako agintariek hainbat lan azpikontratatzeko duten asmoa aldatzen ez badute, urtarrilean mobilizazio gehiago egingo dituzte, eta ez dute berriro greba egitea baztertu.
Euskalteleko langileek kontzentrazioa egin dute goizean Kutxabankek Bilbon duen egoitza, kutxa baita telekomunikazio operadorearen bazkide nagusia, planaren egitasmoen aurka eta beren lanpostuen alde protesta egiteko.
Laranjaz jantzita, bildutakoek mezu hau zeukaten eskuorriak banatu dizkiete herritarrei: "Kutxabanken Olentzerok plantilla murrizketak oparitu dizkio Olentzerori".
Iñaki Perez Euskalteleko enpresa batzordeko idazkariak azaldu duenaren arabera, zuzendaritzak ez du bere jarrera "apur bat ere" aldatu, eta hainbat arlo enpresatik kanpo ateratzeko nahiari eutsi dio.
"Abenduaren 16, 17 eta 18an greba egin eta gero, hitz egiteko esertzeko zain gaude oraindik", Perezen hitzetan.
Ordezkari sindikalak esan duenez, Euskaltel enpresak irabaziak ditu, eta langileak ez daude prest "bekoizkeria hutsez diru gehiago atera nahi izatea plan horien bidez"-
Zuzendaritzak "urratsik egiten ez badu", langileek protesta gehiago egingo dituzte urtarrilean. CC OOk eta ELAk osatzen dute enpresa batzordea Euskaltelen, eta ez dute baztertu greba deialdia egitea.
"Hiru eguneko grebaren aurrean ezer egin ez dutela ikusita, beste modu batera egiten saiatuko gara", adierazi du sindikalistak.