Gizartea -

Botiken koordainketa

EAEn ostegunetik hasita eskatu ahalko da koordainketaren konpentsazioa

Errenta baxuak dituzten pentsiodunek, diru laguntzarik jasotzen ez duten langabeek eta diru sarrerarik gabeko legez kanpoko etorkinek, 400.000 bat pertsonak, jaso ahalko dituzte laguntzak.

2013ko uztailaren 1ean ezarri zuen koordainketa Espainiako Gobernuak. Argazkia: EiTB.
2013ko uztailaren 1ean ezarri zuen koordainketa Espainiako Gobernuak. Argazkia: EiTB.
2013ko uztailaren 1ean ezarri zuen koordainketa Espainiako Gobernuak. Argazkia: EiTB.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Urtean 18.000 euro baino gutxiago jasotzen dituzten pentsiodunek, diru laguntzarik jasotzen ez duten langabeek eta bizitzeko baimenik ez duten baliabiderik gabeko etorkinek eskatu ahal izango dituzte, ostegunetik aurrera, Eusko Jaurlaritzaren laguntzak; EAEko gobernuak Espainiako Gobernuak ezarritako koordainketaren gastuak arintzeko aurreikusi ditu ordainketok.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren kalkuluen arabera, 400.000 pertsonari lagunduko diete ordainketa horiek. 2014ko Aurrekontuetan, 18 milioi daude horietara bideratuta, eta zenbateko hori handitu egin ahal da.

Konpentsazioak 2013ko uztailaren 1etik aurrera egindako salerosketetarako izango dira, egun horretan sartu baitzen indarrean, hain zuzen, koordainketa berria. Gobernu Zentralak ezarritako eredu honek hainbat kolektibok botiken truke ordaindu beharreko zenbatekoa nabarmen handitu du.

Onuradunak

Eusko Jaurlaritzak onartu zuen laguntza sistemaren bidez, koordainketaren ondorioak gogorren pairatuko dituztenei sostengu ekonomikoa eman nahi diete. Horrela, Gizarte Segurantzako pentsiodunek jaso ahalko dituzte, betiere urtean 18.000 euro baino gutxiago irabazten badituzte eta Osakidetzaren osasun txartel indibiduala badute.

Gainera, pertsona horien onuradunek ere jaso ahalko dituzte, osasun txartela badute. Dekretuak langabeak ere hartzen ditu aintzat: langabezia saririk edo diru-sarrerak bermatzeko errentarik jasotzen ez dute herritarrek konpentsazioa jaso ahalko dute, Osakidetzaren osasun txartel indibiduala izatera.

EAEn erroldatuta urtebete baino gehiago daramatzaten legez kanpoko etorkinenak ere hartzen ditu neurriak, baliabide ekonomikorik ez badute.

Ostegun honetatik, urtarrilak 2, 2014ko abenduaren 10era aurkeztu ahalko da laguntzak jasotzeko eskaria. Horretarako hainbat bide daude: euskadi.net webgunea, Osakidetzaren osasun zentroak, Osasun Sailaren lurralde ordezkaritzak eta Zuzenean arreta zerbitzua.

Bi eredu

Bi eredu daude eskaera egiteko: sinplifikatua eta arrunta. Sinplifikatua urtean behin egin behar da, eta arrunta urtean bitan egin ahal da. Segurtasun Sailak sinplifikatua egitea aholkatu du: datu pertsonalak eta dirua jasotzeko banku kontua jarri behar dira soilik.

Bestean, arruntean, erosketa txartelak, errezetak eta herritarrak laguntza jasotzeko eskubidea daukala bermatzeko dokumentazioa atxiki behar dira.

Bigarren hori hiru kasutan aholkatzen dute: botikak Euskaditik kanpo hartzen dituzten onduradunak; EAEn erroldatuta dauden MUFACE, MUGEJU e ISFASen pentsiodunak, 18.000 euro baino gutxiago jasotzen badituzte, eta beren onuradunak; eta inoiz langabezia saririk edo diru sarrera bermatzeko errenta jaso ez duten herritarrak eta horien onuradunak, osasun txartel indibiduala badute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea