Gizartea -
Balantzea
Hildakoen kopurua % 13 jaitsi da Estatuko errepideetan 2013. urtean
1.128 lagun hil ziren iaz Estatuko errepideetan, inoizko daturik baxuena.
Erredakzioa
1.128 lagun hil ziren iaz Estatuko errepideetan, inoizko daturik baxuena, gaur Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak eta Maria Segui Trafiko zuzendariak adierazi dutenez.
Iazko datuekin alderatuta, % 13 jaitsi da trafiko istripuetan hildakoen kopurua. Izan ere, 2012an baino 173 lagun gutxiago hil dira errepideetan.
Iaz, heriotzak izan zituzten 994 istripu gertatu ziren Estatuan, 2012an baino % 16 gutxiago (1.177).
Jaitsiera nabarmena izan da ere larri zauritu zirenen kopuruan: 2012ko 6.178 pertsonetatik iazko 5.206 zauritutara.
Fernandez Diazek azpimarratu duenez, hildakoen % 80ak errepide konbentzionaletan izan zuten istripua (898 lagun hil ziren). % 16ak autobideetan (178) eta, gainerakoak, autopistetan (52).
Biktimarik gabeko 19 egun erregistratu ziren 2012. urtean eta, iaz, berriz, 29. Mugimenduak ere % 10 jaitsi dira 2005eko datuekin alderatuz, nahiz eta ibilgailu eta gidari gehiago egon.
Ministroak gogoratu duenez, 1960. urtean 1.300 lagun hil ziren Estatuko errepideetan. Garai horretan milioi bat ibilgailu eta bi milioi gidari zeuden. Gaur egun, 31 milioi ibilgailu eta 26 milioi gidari daude.