Gizartea -

Iragarpena

Olatuek eta haizeak eragindako alerta eta abisua, igandera arte gurean

Hilaren 5eko goizaldera arte, gainera, elur-kota 700 metrotan kokatuta geratuko da, baina goizean igotzen hasiko da.

Zumaia. Argazkia: Alberto Andreu.
Zumaia. Argazkia: Alberto Andreu.
Zumaia. Argazkia: Alberto Andreu.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Olatu handiek eragindako alerta laranjak eta haizeak sorrarazitako abisu horiak (boladek 100 km/h-ko abiadura gainditzeko aukera dago) igandera arte jarraituko dute gurean. Larunbatean eta igandeko goizera arte gure kostaldera helduko diren olaturik handienen batezbesteko altuera 4,5-5 metrokoa izango da; hala ere, itsasoak indarra galduko du eguerditik aurrera, eta arriskua ere txikiagoa izango da, horia mailakoa; haizeari dagokionez, zakar joko du Araban eta Bizkaian, Errege Egunaren gauera arte behintzat. Horietaz gain, beste abisu bat ere badago indarrean, horia mailakoa; izan ere, elurra bota lezake, igandeko goizaldera arte, 700 metrora. Horrela dator 2014ko lehen asteburua, meteorologia iragarpenaren arabera.

Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak bere webgunean iragarri duenez, larunbatean, arratsaldean bereziki, euria egingo du. Zerua lainotuta azalduko da eta haizeak aginduko du eguraldian. Zakar joko du egun osoz, batez ere goizean; orduan hego-mendebaldetik etorriko eta mendietan batez ere ufada indartsuak espero dira. Ondorioz, goizean euri gutxi egingo du eta tenperatura nahikoa epela izango da. Eguerdian haizeak bat-batean mendebal/ipar-mendebaldera egin, bolada oso gogorrekin norabide aldaketan, eta egoera erabat aldatuko da; orduan zaparradak denera helduko dira eta trumoi-ekaitzak jotzeko arriskua handitu egingo da. Tenperatura ere asko jaitsiko da eta berarekin elur-maila; 800 metrora zuritzeko aukera dago.

Euskalmeteko estazio meteorologikoek 142 km/h-ko haize ufadak neurtu dituzte Urduñan, 130 km/h-ko haize-boladak Karrantzan eta 109 km/h-koak, berriz, Kapilduin. Euskal hiriburuei dagokionez, ordea, haize-ufada indartsuenak Gasteizen izan dira (104 km/h). Halaber, Bilbon 75 km/h inguruko haize-boladak izan dira, eta 91 km/h-koak Donostian.

Igandean, hego/hego-mendebaldeko haizearen eraginpean aurkituko gara berriro. Lainoak oso ugariak izango dira, batez ere goizean eta orduan ia denean euria egingo du. Goizaldean, tenperatura hotza izango da, eta izotza botako du barnealdeko zenbait tokitan. Bestalde, elurra 1.000 metrora botako du, baina goizean bertan, haizearen laguntzaz termometroak igotzen joango dira.

Eta astelehenean, Errege Egunean, ez dugu ia aldaketarik sumatuko. Eguraldiak apur bat hobera egingo duen arren, lainoak oso ugariak izango dira beste egun batez eta baliteke tantaren bat edo beste botatzea. Hala ere, noizbehinka ostarteak ikusteko aukera izango dugu. Hego/hego-mendebaldeko haizea zakar ibiliko da oraindik ere, eta ondorioz, ipar isurialdean batez ere tenperatura apur bat gehiago igoko da. Gehien nabarituko duguna tenperatura hotzenen igoera argia izango da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea