Gizartea -

Jazarpen birtuala

Bi atxilotu, sare sozialetan 550 adingabe baino gehiago jazartzeagatik

Adin txikiko batek salaketa jarri ostean, bi gizonezko atxilotu ditu Poliziak, bat Murtzian eta bestea Valentzian. Bien artean loturarik ez dagoela adierazi dute agenteek.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Poliziak 50 eta 49 urteko bi gizonezko atxilotu ditu, grooming teknikak erabiliz, sare sozialetan 550 adingabe baino gehiago jazarri dituztelakoan. Adin txikikoak edota emakumezko gazteak zirela sinestarazten zieten biktimei, eta kontaktuan jarri ostean, argazki sexualak bidaltzen zizkieten, probokatu eta hertsatu ahal izateko.

Cehegin (Murtzia) eta Picassent (Valentzia) herrietan izan dira atxiloketak, eta gizonezkoen etxeen erregistroetan jazarpenekin lotutako informatika material ugari aurkitu dute agenteek.

Adin txikiko batek salaketa jarri ostean abiatu zen ikerketa. Salatzaileak zioenez, sare sozialen bidez, bi pertsonen jazarpena pairatzen ari zen. Lehen kontaktua izan ostean, harremanetan hasi zen gizonezko horiekin, eta hizketaldi erotikoak izaten zituzten, webcam bidez, batzuetan, eta irudiak partekatzen zituzten. Salaketaren ondotik martxan jarritako ikerketari esker, Murtziako eta Valentziako erasotzaileak atxilotu ahal izan dira.

Bien artean loturarik egon ez arren, pauso berdinak jarraitzen zituzten. Biek adingabeak edo emakume gazteak zirela sinestarazten zieten biktimei sare sozialetan, eta irudi eta bideo erotiko nahiz pornografikoak igortzen zizkieten. Gainera, gehienbat mugikor bidez jartzen ziren kontaktuan adingabeekin, eta horrek gurasoen kontrola zailtzen zuen.

Geroago, erasotzaileekin topo egin ostean, beste bi adingabe jazarpena jasaten ari zirela jakin du Poliziak, salaketa jarri zuenarekin erabilitako metodo berberekin.

Guztira, atxilotuetako bat 262 adingaberekin jarri zen kontaktuan, eta bestea, 298 adin txikikorekin. Ikerketaren arabera, atxilotuek bazituzten kontuak sare sozialetan euren benetako profilarekin, eta profil faltsuak biktimak atzemateko soilik erabiltzen zituzten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea