Gizartea -
Olatu handiak
Denboralea baretuz doa Euskal Herrian, bi desagertu eta kalteak utzita
Atzodanik euskal kostaldea etengabe jo duten olatu handiek Biarritzen bi pertsona desagertu utzi dituzte, eta kalte materialak ugari beste herri batzuetako lokaletan eta hiri altzarietan.
Erredakzioa
Euskadin abisu horia ezarri dute 15:00etatik aurrera, olatu handiak direla eta, aurreko larrialdi maila, alerta laranja, koska bat jaitsita.
Itsaso zakarrak eta olatuen indarrak bi pertsona desagerrarazi dituzte Biarritzen, urak eramanda, eta beste herri batzuetan, hala nola Bermeon eta Donostian, uholdeak eta kalte material handiak egin dituzte. Kale asko urak hartuta egon dira.
Gipuzkoako hiriburuan, olatuek Kaskazuri jatetxeko beirak hautsi dituzte eta kalteak egin dituzte beste bi lokaletan eta hiri altzarietan (argiak, seinaleak, kontainerrak...). Salamanca pasealekua, Pasealeku Berria, Haizearen Orraziaren ingurua eta Aquariumeko zonaldea itxi dituzte.
Elantxoben (Bizkaia), olatuek arraun klubean egin dituzte kalteak, eta hainbat ontzi itsasora eraman dituzte.
Bermeon ere uholdeak izan dira, eta, portuan, hainbat ontzi hondoratu dira.
Bilbon, haizeak 'Ulises' lau metroko brontzezko eskultura lurrera bota du. Eskultura Bilboko Itsas Museoko kanpoaldean dago eta Pedro Chiliidak egin zuen 2011. urtean.