Gizartea -

Sexu erasoa

19 urteko mutil batek sexu erasoa egin dio 15eko neska bati Nafarroan

Gertakaria abenduaren 29an izan omen zen, Nafarroa erdialdeko udalerri batean. Ustezko erasotzailea espetxean sartu dute.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroa erdialdeko herri bateko 19 urteko mutil bat espetxean sartu dute 15 urteko neska bati sexu erasoa egitea egotzita. Gertakaria abenduaren 29an izan omen zen, eta Foruzaingoak ustezko erasotzailea atxilotu zuen.

Nafarroako Gobernuak prentsa-ohar bidez adierazi duenez, abenduaren 29an gizonezko baten deia jaso zuen Foruzaingoak. Gizonezkoak azaldu zuenez, haren alabak sexu erasoa jasan zuen.

Polizia deia egin zuen gizonezkoaren etxera joan zen, eta neskarekin hitz egiteko aukera izan zuen.Adingabekoaren azalpenen arabera, erasotzaileak harekin biltzeko eskatu zion sare sozial baten bidez. Elkartu zirenean, ordea, mutilak indarrez eraman zuen neska etxera, eta eraso egin zion, haren borondatearen aurka.

Erasoa jasan ondoren, neskak etxetik irtetea lortu zuen, erdi biluzik, eta senitartekoekin elkartu zen. Ordurako, SOS Nafarroa jakinaren gainean zegoen. Biktima Nafarroako Ospitale Gunera eraman zuten eta mediku-azterketa egin zioten.

Foruzaingoak gertaerak ikertu eta ustezko erasotzailea atxilotu zuen: udalerri berean bizi den 19 urteko mutil bat. Aurrekariak ditu, eta Iruñeko epaitegi batek hura bilatu eta atxilotzeko agindua emanda zuen. Epaileak espetxeratzeko agindu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea