Gizartea -
20 eguneko bilera, Erroman
Kristoren Legionarioek berritze prozesua abiatuko dute gaur
Kongregazio ultrakontserbadoreak gobernu eta konstituzio berriak onartuko ditu, Benedikto XVI.a aita santuak Marcial Maciel fundatzailea zigortu eta gero.
Erredakzioa
Kristoren Legionarioek 20 eguneko batzarra hasiko dute gaur Erroman, gobernu berria aukeratu eta euren konstituzioa berritzeko, Marcial Maciel fundatzailearen inguruko eskandaluaren ostean.
Bilera honekin, legionarioek bukatu egingo dute Benedikto XVI.a aita santuak kongregazio ultrakontserbadore horrentzat 2010. urtean agindutako berritze prozesua.
Aita santuak Marcial Maciel pederasta kondenatu zuen orduan, jokaera "oso larria eta moralaren aurkakoa" izatea egotzita. Izan ere, hainbat apaizgairi sexu abusuak egin zizkion. Horren ondorioz, kongregazioa berritzea agindu zuen Benediktok, eta Velasio de Paolis artzapezpiku italiarrari agindu zion prozesua zuzentzea.
Iazko ekainean, Frantzisko aita santuak berretsi egin zuen De Paolisen misioa, aurreikusi bezala, 2014. urtean amaituko dela.
Kristoren Legionarioek 900 apaiz, 3.000 apaizgai eta 70.000 kide dituzte mundu osoan.