Gizartea -
Istiluak
Istilu larriak izan dira Burgosen, kale baten erreforma dela eta
Erakusleihoak, telefono kabinak eta markesinak txikitu dituzte eta su eman diete kontainerrei Vitoria kalea bulebar bihurtzearen kontrako protestan. 17 atxilotu daude.
Erredakzioa
Erakusleihoak, telefono kabinak eta markesinak txikitu dituzte eta su eman diete kontainerrei bart Vitoria kalea bulebar bihurtzearen kontra bizilagunek egin duten protestan, Burgosen.
300 lagun inguru izan dira protesta ekitaldian, Interneteko sare sozialetako eta ahoz ahoko deialdien bitartez.
Espainiako Poliziako istiluen kontrako agenteak bertaratu dira 22:00ak aldera, eta hainbat aldiz kargatu dute, gauerdira arte. Hori horrela, 17 lagun atxilotu dituzte, horietako bat adingabea.
Azken asteotan ugariak izan dira kalea bulebar bihurtzearen kontrako protestak. Plataforma bat sortu zuten eta hainbat manifestazio egin dituzte. Izan ere, erreformarekin aparkalekuak galduko direla eta autoentzako bi errei bakarrik (lehen lau zeuden) geratuko direla salatzen dute.
Baina plataforma hori ez dago bart gaueko protestaren atzean; izan ere, desegin egin zen atzo arratsaldean, eta gaueko protestarako deia ez zela berea argitu zuen.
Plataforma horretan IU alderdia eta Burgoseko Bizilagun Elkarteen Federazioa zeuden, besteak beste.