Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Bi atxilotu Donostian eta Tolosan, bikotekideak erasotzeagatik
Ertzaintzak bi gizonezko atxilotu ditu Gipuzkoan, emakumeen aurkako indarkeriagatik. Madrilen, gizonezko batek bikotekide ohiari tiro egin dio.
Erredakzioa
Bi gizonezko atxilotu dituzte Donostian eta Tolosan genero indarkeria delituengatik, euren bikotekideei eraso egin ostean, Segurtasun sailaren arabera.
Lehenengo atxiloketa 11:00etan izan zen, Tolosan. Emakumezko batek laguntza eske deitu zuen 112 SOS Deiakera, bikotekideak labana batekin mehatxu egin ziola esanez.
Ertzaintza biktimaren etxebizitzara joan zen. Ustezko erasotzaileak ireki zien atea agenteei, eta emakumea, urduri, negarrez aurkitu zuten. Hark esan zienez, bikotekideak aurpegian jo zuen, eta labana batekin mehatxu egin ostean, etxeko atea giltzaz itxita, bertan utzi zuen. Egoera horren aurrean, Ertzaintzak erasotzailea atxilotu zuen, genero indarkeria egotzita.
Bigarren atxiloketa goizaldeko 03:00etan izan da Donostian. Hamaika urteko neskato batek 112 SOS Deiak telefonora deitu du laguntza eske, haren aita ama eta senitarteko bat jotzen ari zela esanez. Adingabea komunean itxita zegoen, ezkutuan, anaia gazteagoarekin.
Ertzaintzaren zenbait patruila etxebizitzara joan dira, eta bi gizonezko borrokan topatu dituzte bertan.
Biktimak agenteei esan dienez, bikoteak eraso egin dio, baita bien alabari ere. Eurekin bizi den senitarteko bat erasotzailea lasaitzen saiatu da, baina hari ere eraso egin dio gizonezkoak.
Ertzaintzak erasotzailea atxilotu du, genero indarkeria delitua egotzita.
Beste indarkeria kasu bat Madrilen
29 urteko emakumezko bat larri zauritu da bart Madrilen, bikotekide ohiak pistolaz eraso egin ondoren.
Gaueko bederatziak aldera jazo da erasoa. Emakumea lanetik irten berria zen, eta kotxean sartzera zihoala, 26 urteko bikotekide ohiak pistola batekin aurpegian tirokatu du. Egoera larrian dago emakumea.
Erasotzaileak urruntze agindu bat zuen, bikote izan ziren garaian emakumeari tratu txarrak emateagatik.