Gizartea -
Danborrada 2014
15.000tik gora pertsonak parte hartuko dute San Sebastian egunean
127 danborrada hartuko ditu Donostiak urtarrilaren 19tik 20rako festan, horietatik hiru, berriak.
Erredakzioa
15.468 pertsonak parte hartuko dute Donostian San Sebastian egunez ospatuko diren 127 helduen danborradetan.
Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak eta Nerea Txapartegi Donostiako Kultura arduradunak festa eguna aurkeztu dute udaletxean, haurren danborradan parte hartuko duten pertsonaiekin batera.
Hizlariek azaldu dutenez, danborradak zazpi zonaldetan banatuko dira, kudeaketa hobetzeko: Altza-Intxaurrondon, 16; Amara-Erriberaken, 15; Antiguon, 18; Erdialdean, 24; Grosen, 21; Loiola-Egia-Martutenen, 10; eta Alde Zaharrean, 23.
Helduen 127 danborrada horietatik, 115 mistoak izango dira, eta hirurentzat, lehen aldia izango da. Bestalde, DYAren danborradak ez du parte hartuko aurtengo festan.
Aipatutako danborradez gain, Urki Arraun Elkarteak, euren lokalean afaldu ostean, urteroko danborrada popularra ospatuko dute Alde Zaharrean. 50 pertsona inguruk osatzen dute danborrada hori, eta, sukaldari txaketak eta mantal zuriak jantzita, txistulariekin batera egiten dute euren ibilbidea.
Haur danborrada
4.692 neska-mutilek parte hartuko dute San Sebastian egunez ospatuko den haur danborradan. Lehen aldiz, karrozan neskak nahiz mutilak izango dira. Horretarako, 'Donostiako hiritarra' izendapena sortu dute, eta aurtengoan, Alejandro Belmont eta Eduardo Sanjurjo ikasleei eman zaie.
Danborrada hobeto ikusi ahal izateko, Donostiako Udaleko 48 balkoi zabalduko dira hiritarrentzat. Juan Karlos Izagirre alkateak azaldu duenez, 3.700 donostiarrek eman dute izena horretarako, eta asteazkenean, 19:00etan, egingo dute postuen zozketa.
Alkateak azpimarratu duenez, "festa hau donostiar guztiona da eta donostiar guztiok izan behar dute aukera festa leku berezi hauetatik ere ikusteko".
Banderaren igoera, festaren amaiera
Banderaren igoera urtarrilaren 20an, 00:00etan, izaten da Konstituzio Plazan. Danborrada bakoitzetik ordezkari batek bertan izateko aukera izango du.
Ordezkari horiek, Gaztelubide danborradarekin batera, festako doinu guztiak jo ahal izango dituzte. Momentuz, 84 danborradak iragarri dute bertan izango direla.