Gizartea -

Protestak Burgosen

Burgoseko istiluak direla-eta espetxeratutako lagun bat aske utzi dute

3.000 euroko bermea ordaindu du. 5.000 pertsona kalera atera dira berriz, Udalak kale bat bulebar bihurtzea galarazteko. Istiluak izan dira laugarren egunez jarraian.

Gamonaleko bizilagunek mobilizazioekin jarraitzen dute

3:09

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Burgoseko Gamonal auzoan, Vitoria kalea bulebar bihurtzeko obren aurka egindako protestetan atxilotutako bi gazte espetxera bidali zituen epaileak. Horietako bat, ordea, aske geratu da jada, 3.000 euroko bermea ordaindu ondoren.

Larunbatean atxilotu zituzten beste bost lagun epailearen zain daude, baina, iturri judizialen arabera, baliteke datozen orduetan aske geratzea, ostiralean atxilotutakoekin gertatutakoaren antzera.

Bestalde, Poliziak 11 adingabe atxilotu zituen ostiral eta larunbateko istiluetan, baina horien inguruan ez dute informazio zehatzik eman. Gobernuaren Ordezkaritzaren iturriek baieztatu dutenez, bart egin zuten manifestazioaren ondoren beste sei lagun atxilotu zituzten. Datozen orduetan epailearen aurretik igaroko dira guztiak.

5.000 pertsonak manifestazioa egin zuten berriz astelehen arratsaldean Burgosko Gamonal auzoan, Vitoria kalea bulebar bihurtzeko obren aurka protesta egiteko. Laugarren egunez jarraian, martxaren ostean istiluak izan ziren.

Manifestazioa 19:00etan abiatu zen Vitoria kaletik, eta handik Gaztela eta Leon etorbideko polizia-etxera joan zen, azken egunetan atxilotutakoak askatzea eskatzeko. Ondoren, martxa Vitoria kalera itzuli zen, eta bertan desegin egin zen.

Nolanahi ere, 22:00etan istiluak hasi ziren. Hainbat pertsonak edukiontziak eta obretako etxola bat erre zituzten. Polizia, gainera, oldartu egin zitzaien manifestariei.

Bulebarraren aurkako protestak egun osoan egin zituzten, 06:00etan lanen hasiera galaraztea lortu zutenetik.

Poliziak 40 pertsona atxilotu ditu azken egunetan, istiluetan parte hartzea egotzita. Atzo, epaileak baldintzapean aske utzi zituen horietako bost.

Auzokideek Vitoria kalea bulebar bihurtzea galarazi nahi dute. Izan ere, proiektu horrekin, Udalak doako aparkalekuak kendu nahi ditu, ordainpeko 250 sortzeko. Gainera, Udalak murrizketa sozial ugari egin ondoren hirigintza proiektu honetara 8 milioi euro baino gehiago bideratuko dituela salatu dute.

Adibide gisa, auzoko haurtzaindegia itxi egingo dutela azaldu dute auzokideek, Udalak 13.000 euroko erreforma bat ordaindu nahi ez duelako. Horretarako dirurik ez egotea baina kalea bulebar bihurtzeko 8 milioi euro bideratzea deitoratu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea