Gizartea -

Osakidetzaren balantzea

Ebakuntzetarako itxarote-zerrendak iaz baino laburragoak dira Euskadin

Osakidetzako arduradunek nabarmendu dutenez, itxarote-zerrendak aurreikusitako helburuaren azpitik daude Euskadin.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Osakidetzan ebakuntza bat egiteko, batez beste, 50 egun itxaron behar da, iaz baino hiru egun gutxiago, gaur Jon Etxeberria Osakidetzako zuzendari nagusiak adierazi duenez.

Osakidetzak 2013. urteko balantzea aurkeztu du gaur, eta, horren arabera, Euskadin bederatzi egun itxaron behar da proba diagnostikoak egiteko.

Etxeberriaren esanetan, herritarrek gero eta gehiago jotzen dute telefono bidezko kontsultetara. Medikuekiko harremanak aldatu egin dira, eta herritarrek telefono bidez gero eta kontsulta gehiago egiten dituzte.

2012ko datuekin alderatuz, % 18 egin dute gora telefono bidezko kontsultak familia-medikuekin, eta % 3,5, espezialistekin. Kontsulta horiek datuen emaitzak jasotzeko edota kezkak argitzeko izaten dira.

Osakidetzako arduradunek nabarmendutakoaren arabera, itxarote-zerrendak aurreikusitako helburuaren azpitik daude Euskal Autonomia Erkidegoan.

Ebakuntzak egiteko, batez beste, 50 egun itxaron behar da; kontsultak egiteko, 25; eta proba diagnostikoak egiteko, berriz, bederatzi.

Hala ere, proba zailenak edo konplexuenak egiteko, hori baino gehiago itxaron behar dela onartu du Etxebarriak.

Ikerketaren arabera, traumatologia, dermatologia eta oftalmologia alorretan egiten dituzte EAEko herritarrek kontsulta gehien.

Datuei erietxez erietxe erreparatuz gero, Galdakaoko Ospitaleak du probak egiteko itxarote-zerrenda luzeena (14 egun) eta Donostiako Ospitaleak du laburrena.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea