Gizartea -
Auzipetuekin solasaldia
UCMko fakultate bat hustu dute, bonba abisu faltsu batengatik
60 bat lagun bildu dira Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean, fakultatearen baimenik ez zuen hitzaldi batean. Auzitegi Nazionalean epaitzen ari diren bi gaztek hartu dute parte.
Erredakzioa
UCM Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Historia Fakultatea hustu dute ostegun honetan, bonba abisu faltsu batengatik. Ondorioz, bertan behera utzi dute Auzitegi Nazionalean epaitzen ari diren bi gazte bertan ematen ari ziren hitzaldia.
50-60 bat lagun bildu dira gaur UCMn, Historia Fakultateak baimendu ez duen solasaldi batean. "Euskal gazteria independentistaren aurkako errepresioa" zuen ekimenak hizpide eta, bertan, Auzitegi Nazionalean epaitzen ari diren bi gaztek hartu dute parte. Bonba abisu faltsuaren ondoren, Poliziak gela hustu du,
Yesca Izquierda Castellana alderdiko gazte erakundeak antolatu du hitzaldia, "Euskal gazteria independentistaren kontrako errepresioaren aurka. Eskubide sozial eta politikoen alde" lelopean. Fakultateko iturriek Europa Press agentziari azaldu diotenez, ekitaldiak ez du baimenik izan, eta antolatzaileek deialdia bertan behera uzteko konpromisoa hartua zuten.
Beste gela batean
Edonola ere, 17:30ean, 20 bat lagun elkartu dira ekitaldia egin behar zuten tokian. Atea itxita zegoen, eta hitzaldia alboko beste gela batera eraman behar zutela argitzen zuen oharra zegoen bertan.
Hasieran ezin izan dira sartu bertara, baina gertuko beste gela batera jo dute eta han egin dute ekitaldia, 40 minutuz. Aritz eta Amaia izeneko bi gazteek 2009an atxilotu zituztela kontatu dute. Banda armatuko kide izatea egotzita, beraientzat sei urteko kartzela eskatzen dutela azaldu dute.
Estatuak gatazka konpontzeko ez duela pausorik ematen eta atxiloketak egiten jarraitzen duela salatu dute biek. "Gure militantzia politikoagatik ari gara epaituak izaten. Prozesu demokratiko bat bultzatu nahi dugu", azpimarratu dute.
40 minuturen ondoren, antolatzaileetako batek azaldu du Polizia kanpoan zegoela eta eraikina husteko agindua zegoela, bonba abisu batengatik.